Igor Astibia Telletxea leitzarra dagoeneko etxean da, ia 2 urte kartzelan eman ondoren. Herenegun arratsaldeko 18:30 aldera utzi zuten libre, eta herrira goizeko 00:30 aldera iritsi zen.
Arratsaldeko batzarrean 23:30etarako egin zuten deialdia, autoetan Aresoko kruzera joan eta bertatik auto ilaran etortzeko. Suziri batek dagoeneko herrian zeneko abisua eman zuen, eta gauaren intimitatean iritsi zen Igor Astibia bere senitartekoekin herriko plazara, txalapartak bere etorrera ospatzen zuen bitartean. Hiru dantzariek aurreskua eskeini zioten, ongi-etorria emateko, eta gero, lore-sorta eman zioten. Igor Astibia eta bere anaia Eneko elkarren ondoan zirela, lehenengoak eskerrak eman zituen. Amaitu ondoren Torrearen txanda zen , izan ere, bertan Igor preso politiko bezala azaltzen zen argazkia berak kendu zuen. Jendearen arrera oso beroa izandu zen, eta gauaren epeltasunak ere zerikusirik izan zuen.
Igor Astibiaren fidantza dirua ordaintzeko kontu-korronteari dagokionez, atzo bere familiak ireki zuela esan genuen, baina akatsa zuzendu nahi dugu, Leitzako Presoen Aldeko Taldea izan baita Euskadiko Kutxan kontu korrontea zabaldu duena. Hori bai, zenbakia atzo eman genuen berbera da: 3035 0118 841181027855.
Deialdi pare bat
Ezker abertzaleak deialdi pare bat egin ditu gaurko eta biharko. «Indarrak bilduz, prozesua aurrera!» lemapean, beraien nahia azaldu dute «alde batetik historikoa den momentu honi bultzada ematea eta beste aldetik prozesuari irtenbiderik ematen ez dioten irteera faltsuei atea ixtea». Helburu honekin, beraz, gaurko deialdia egin dute, gaueko 21:00-21:15 aldera itzalaldia eta burrunbada handi bat egiteko, hau da, etxeko argiak itzali eta kazerolada handi bat egiteko. Bestetik, bihar, Bilbon «Euskal Herriak Autodeterminazioa» lelopean ospatuko den nazio manifestaldira jendea joateko deialdia egin du ezker abertzaleak. Leitzatik autobusak aterako dira, eta joan nahi duenak Torrean izena eman besterik ez du egin behar.