Euskararen alde lankidetzan aritzeko konpromiso irmoa

Utzitako argazkiak 2006ko azaroaren 13a

TTIPI TTAPA

Kontseiluak, UEMAk eta Iparraldeko Mankomunitateak Leitzan euskararen alde lankidetzan aritzeko asmoa azaldu zuten atzo. Aipatutako hiru erakundeek Bai Euskarari Ziurtagiria elkarrekin sustatzeko konpromisoa hartu zuten eta lankidetza honen aurkezpena izan zen atzokoa. «Guztiok elkarrekin abiatu dugun elkarlana oso interesgarria da, lehendik egiten ari zen lana osatzera baitator», adierazi du kontseiluko ordezkariak.

Leitzaldean Bai Euskarari Akordioa abian jarri zenetik hiru urte igaro dira jada eta eman dituen fruituak ikus ditzakegu. Aurten Leitzaldeko 79 saltoki, enpresa eta bestelako entitatek eskuratu dute Bai Euskarari Ziurtagiria. Horietatik 58, Leitza eta Aresokoak dira eta gainerako 21ak, Goizueta eta Aranokoak. Horretaz gain, aipagarria da UEMAk Leitzaldean egindako lana.

Esate baterako, Tratuan ere euskaraz! proiektuak merkataritzan euskararen erabilera sustatzea du helburu. Horretarako, Bai Euskarari Ziurtagiriaz baliatzea erabaki dute UEMAko kideek, merkatariek eta bide batez bezeroek, lan munduan euskara erabili dezaten. Bai Euskarari Ziurtagiriak orain arte Leitzan egindako lanari jarraipena eman nahi dio, lan mundua euskalduntzeko tresna egokia baita.

Kontseiluko bozeramaileak euskararen normalizazio prozesuan Bai Euskarari Ziurtagiriak duen eginkizuna azaldu du: «Bai Euskarari Ziurtagiria sustatu eta ezagutarazi nahi dugu, euskaraz bizitzeko apustua egin duen Udal honentzat ekarpen garrantzitsua izanen delakoan». Udalak ere bide horri jarraituko diola gehitu du herriko alkateak, «Udalak euskara erabiltzea, jakina, ezinbestekoa da herrian euskararen erabilera normalizatzeko», adierazi du Patxi Saenz Lazkonok, Leitzako alkateak.

Ildo horretatik, Maider Goñik, Leitzako euskara teknikariak, bere iritzia eman du honen inguruan eta arrazoia eman dio Saenzi, «horrela, Leitzaldean euskaraz ikasi, lan egin, erosi, irakurri, informatu, azkenean euskaraz bizitzea, errazago eginen dugu guztiok bide honetatik segituz gero».

Duela 6 urte sortu zen Bai Euskarari Ziurtagiria eta dagoeneko, Euskal Herri osoko 1.350 entitatek eskuratu dute. Gero eta herri gehiagok hartzen dute parte proiektu honetan eta honen adibide garbia izan zen atzoko hitzarmena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun