Legealdia amaitzeko urte bat baino gutxiago gelditzen denez, epe hau amaitu baino lehen Aralar taldeak bultzatu nahi dituen proiektuak jakitera eman ditu.
Lehenengo puntua etxebizitzei dagokiena da, Landa Goikoa eta Landa Behekoaren hirigintza planaren aldaketa delakoa. Honen barruan, babes ofizialeko etxebizitzak egitea da proiektuko garrantzitsuenetarikoa. Honetaz gain, Alde Zaharra mantentzea eta apaintzea dute helburu, Elbarren kalea, zona komertziala, trafiko gutxigorekin mantentzea, azpiegitura publiko berriak egituratzea, hau da, parkeak eta berdegune gehiago egitea, erreka moldatzea eta herriko zeharbidea kongestioa arintzeko, eremu berriko zeharbidera kotxeak eramatea.
Bigarren puntuari dagokionez, gasolindegi zaharreko biribilgunea berritzea du helburu. Zebrabideak jarriko dituzte eta Lopeneko iturria biribilgunearen erdian kokatuko du-te.
Herriak dituen gabeziak asetzeko gizarte zentro bat sortzea ere proposatu du Aralarrek, ondorengo erabilpen hauekin: gazteen gunea, umeen gunea, talde kulturalentzako guneak, hitzaldien gunea... Turismoa bultzatzea du xede laugarren puntuak, eta horretarako Plazaolako geltokiaren eraikinen ematea eskatu nahi du. Gaur egun, eraikin horiek Nafarroako Gobernukoak dira eta honek deus egiteko asmorik ez dutenez, Aralarrek herriarentzat gelditu daitezela proposatu du. Modu honetan, aterpe turistiko bat jarri ahalko litzateke eta trenbide, mehategi eta burdinolen historia biltzeko gune bat zabaldu. Zonaldeko mankomunitate orokorraren sorrera ere proposatu dute, Areso, Arano, Araitz, Betelu, Larraun, Lekunberri eta Goizueta artean koordinazio hobetzeko. Amaitzeko, azkenekoa abertzale eta ezkertiarren zerrenda bateratuaren sorrerari dagokiona da.