«Sarekada prebentiboetan» 2004ean atxilotutako 4 pertsona aske utzi dituzte, 25.000 eurotako fidantzaren truke. Espainiako Audientzia Nazionalak hartutako erabaki honen ondorioz, Igor Astibia Telletxea leitzarra aske geratu da.
Azaroaren 16a zen denek buruan zuten data, orduan 2 urte beteko baitzituen Igor Astibiak kartzelan. 2004eko azaroaren 16an espetxean sartu zutenetik presoaldi prebentibo egoeran zegoen, eta duela pare bat aste bere egoera zehazteko bista bat egin zuten. Bertan presoaldi prebentibo egoera luzatuko zitzaiola erabaki zutenez jada herritarrak 2006ko azaroaren 16ra begira zeuden, kartzelan emandako 2 urteak salatzeko
Gauzak horrela, Astibiaren askatasunaren berriak ustekabean hartu ditu bai senitartekoak, baita herritarrak ere. «Asteartea egun normala zen, hau da, beste egun bat gehiago hemen, herrian, eta han, 500 kilometrotara dagoen kartzelan», baina iluntzeko 19:15ak aldera espetxeko arduradunek Igor Astibiari berria eman zioten. «Igorrek berak deitu zuen etxera aske uzten zutela esanez», azaldu dio tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitzari Eneko Astibia lehengusuak.
Pasabideak
Igor Astibiaren askatasunaren truke 25.000 eurotako fidantza ordaindu behar izan du familiak. Eneko Astibiak azaldu digun bezala, kalean izan arte, egin beharreko bideratzeak ugariak dira. Lehenengo epaitegira jo behar dute senitartekoek, bertan bankura eramateko agiri bat jasotzera. Banketxean fidantza ordaindu ondoren, Iruñeko epaitegiaren eta Navalcarnerokoaren artean jarraitzen du tramiteak eta azkenik, espetxera iristen da. Igarobide hutsa izan arren, ezinbestekoa da familiak senitartekoa kalean ikus dezan.
Igor Astibiaren familiak kontu korrente bat ireki du Euskadiko Kutxan fidantzaren dirua ordaintzeko laguntzeko prest dagoenak bere diru-ekarpena egin dezan. Nahi duenak, beraz, kontu korronte honetara sar dezala dirua:
3035 0118 841181027855.
Ongi etorria
Egun guztian zehar senitartekoek eta herritarrek ere zehatz-mehatz zer ordutan iritsiko zen ez zekiten arren (00:00, 1:00, 2:00etan...), ongietorri beroa izanen zuela argi zeukaten. Eguerdi alderako berria herrian zabaldua zen, eta kartelak nonahi jarri zituzten. 20:00etan batzarrerako deia egin zuten herriko plazan, dagoeneko bidean ziren edo ez jakinarazteko. Erredakzioa itxi zenerako oraindik iritsi ez bazen ere, ongietorriaren nondik norakoak Eneko Astibiak azaldu zizkigun: «Aresoko kruzean auto ilaran ikurrinarekin etorriko dira, eta herrian bueltaxka bat eman ondoren, plazara zuzenduko dira. Bertan txalapartariak eta dantzariak egongo dira Igorri ongietorria emateko zain, eta lore-xorta bat ere emanen diote». Hurrengo astean beste omenaldi bat eginen zaio, eguna zehaztu gabe dago oraindik.
2 urte kartzelan
Igor Astibia Telletxea 2004eko azaroaren 16an atxilotu zuten, Espainiako Polizia burutu zuen atxiloketa operazio baten barruan, beste 15 pertsonekin batera. Astelehenetik astearterako goizaldean, 01:30ak aldera, Espainiako poliziak bera eta bere neskalagunaren Iruñeko etxeko atea jo zuen. Bost polizia agente eta bi judizialek «ETAko azpiegiturako kide izatea» leporatzen zitzaiola azaldu ondoren, etxea miatzeko agindua zekartela azaldu eta miaketa lanei ekin zieten, bikoteari beraien artean miaketak irauten zuen bitartean hitz egitea «debekatuta zutela» argi utziz.
Ondorengo hiru egunetan inkomunikatuta egon zen, eta senitartekoek orduan azaldu zuten bezala, Igor Astibiak berak egun batzu pasa ondoren deitu arte deus jakiterik ez omen zegoen. Informazio falta erabatekoa zen, zekitena komunikabideek esandakoa baitzen. «ETAko kaptazio aparatuko kide izatea» leporatu eta inkomunikazio egun hauek pasa ondoren, «tortura bortitzak» eragin zizkiotela salatu zuen, «flexioak, kolpeak buruan eta hanketan» aitatu zituen. Azaroaren 18an Baltasar Garzon epailearen aurrean deklaratzera deitu zituzten Auzitegi Nazionalean gau hartan atxilotutako 8 gazte. Hauen artean Igor Astibia zegoen eta ETAko kidea ez zela deklaratu zuen. Deus ere onartu ez zuen arren, espetxera sartu zuten, Soto del Realen aurrena, eta Navalcarneron handik egun gutxira, Leitzatik 497 kilometrotara.
2005eko azaroaren 4ean Espainiako Auzitegira eraman zuten berriro, kasu honetan Grande-Marlaska epailearen aurrera, eta Baltasar Garzon eta Guardia Zibilaren aurrean egin zuen bezala, akusazioa ez zuen onartu.
Jende gehiago aske
Bestalde, Igor Astibiarekin batera, beste 3 pertsona utzi dituzte aske 25.000 euroko fidantzaren truke. Maider Viso bilbotarra, Izaskun Villanueva berriozartarra eta Ruben Nieto bilbotarra.
Honetaz gain, herenegun, azaroaren 7an, 2003an sarekada prebentiboan atxilotutako15 pertsona askatu zituzten. Unai Redin (Iruñea), Mikel Jauregi (Bilbo), Josu Lezama (Zalla), Iñaki Ramos (Barakaldo), Asier Ortiz de Guinea (Gasteiz), Aiala Manrique (Gasteiz), Peru Aranburu (Lekeitio), Unai Dañobeitia (Lekeitio), Asier Bengoa (Gasteiz), Agurtzane Izartza (Gasteiz) herenegun atera ziren kartzelatik 3 urte eta erdi espetxean pasa ondoren. Epaiketa irailaren 7an hasi zen eta bertan fiskalak 8 eta 11 urte bitarteko kartzela zigorrak eskatzen zituen arren, epaiketa eta bi hilabete beranduago atxilotu zituzten 18 pertsonetatik, 15 aske utzi dituzte.