Dena prest hilaren 25ean eginen den feria egunerako

Esteban AROTZENA 2006ko azaroaren 13a

Azokaz gain, herri bazkariak (aurten berogailuarekin), Kupela taldeak eta hainbat ekitaldik osatuko dute eguna

Azken bi hilabete hauetan antolakuntza taldea egiten ari den lanari esker, azaroaren azken larunbatean eginen den azinda eta artisau feriaren hirugarren ediziorako dena prest dagoela aurreratu daiteke dagoeneko.

Eguneko gauzarik garrantzitsuena azoka izanen da, jakina, baina horren aitzakian antolatzen diren ekitaldiak ere hagitz aipagarriak dira. Esate baterako, herri bazkarian ehundaka lagunen partehartzea espero da. Aurten, gainera, berogailua jarriko da Lubineko frontoian, eta honi, Kupela taldeari gehitzen baldin badiogu, pilota plazako giroa nolako izanen den aurreikus daiteke aisa. Bazkarirako txartelak Urrutinea eta Amaiarenean daude salgai.

Goizeko 10etan irekiko den azokan, programan agertzen ez diren hainbat ustegabeko ekitaldiak ere izanen dira. Bukatzeko esan, herritarrei eta kanpotik datozenei baserritarraz janzteko deialdia luzatzen dietela antolatzaileek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun