Pasa den larunbatean egin zen dena erabakita utzi zuen birigarro eta uso postuen enkantea, eta ordu bete inguruz, jende andana batu zen Aresoko udaletxean. Iazkoarekin konparatuta, jende gehiago hurreratu zen enkantera eta, ondorioz, iaz baino diru gehiago atera ahal izan zen bertatik. Mikel Baraibar Aresoko alkatea «gustura» azaldu da lortutako emaitzarekin, eta balorazio positiboa egin du aurtengo enkantearen inguruan, izan ere «beste urteetan baino jende gehiago etorri da, baita inoiz etorri ez den jendea ere». Gainera, inguruko herrietan baino diru gehiago bildu dela adierazi du alkateak eta «pozik» dago horregatik ere. Izan ere, «beti Gorriti izan ohi dugu erreferentzia, han ere enkantea egiten baita; aurten,ordea, beste urteetan baino diru gutxiago batu dute eta Areson ere gauza bera gertatuko zenaren beldur ginen».
27 postu atera dira guztira enkantean, dirutan 34.000 euro elkartu direlarik, iaz baino 1.000 euro gehiago. Birigarroetarako erabiltzen den 5. postua izan da garestiena, 3.836 euroko prezioa izan duelarik. Alkatearen hitzen arabera, 5. postua ez omen da posturik onena, baina «askotan jendeak bukaerara arte itxaroten du eta gero ezin du besterik hartu».
Usoetarako diren 22. eta 23. postuek, berriz, nabarmen egin dute gora aurten: 2.423 euro ordaindu dituzte lehenengoarenatik, eta 2.655 euro bigarrenarengatik. Aresoko Urteaga mendian postuak hartu dituztenen jatorriari dagokionez, gehienak gipuzkoarrak direla azaldu du Mikel Baraibarrek; Hernanitik, Donostiatik, edota Tolosatik joaten omen da jendea, besteak beste. Nafarrik ere bada, ordea, tartean, Iruñaldekoak, batez ere. Ehiztarien adinari dagokionez, berriz, batez besteko adina 40 eta 50 urte bitartean kokatzen dela gehitu du alkateak, hala ere, «gazte askok ere hartu du aurten ehizerako postua».
Aresoarrak ez dira esku hutsik geratu. Urdanetako postuak Aresotik at bizi den jendeak hartzen dituen arren, Peña, Perratokieta, Museo eta Gañarbe inguruan badute ehizaz gozatzeko aukera. Denboraldia amaitu arte, egun bakoitzean lau postu aurreratzen dira zerrendan, guztiak pasatzen direlarik 35 postuetatik.
Urteagan edota Peña inguruan ez da ehiza aukerarik faltako. Iaz baino denboraldi hobea egingo duenaren esperantzaz daude ehiztariak.