Asteburuko ibilaldiaren emaitzarekin oso pozik gelditu dira bai antolatzaileak, baita partehartzaileak ere. Patxi Sagastibeltza antolatzaileetako baten ustez «zoragarria izandu da». Eguraldiak ere izan du zerikusirik, oso giro ona eman baitzuten astebururako eta iragarpenak ez zuen hutsik egin. «Norbaitek esanez gero aizu, aukeratu eguraldi bat, ez genuke egin duen bezain ona aukeratuko». Larunbat gauean ere halako gau-giroa egin zuen, non batzuk kanpoan lo egitea erabaki zuten.
Dena antolatu bezala joan da, gora-beherarik gabe. 09:30ean gosari txikia egin ondoren herria zeharkatu zuten Santa Krutzetik gora abiatzeko. «Herriko ateera oso polita izan zen, jende asko bildu baitzen balkoietan gu ikustera». 10:00ak aldera atera ziren eta 13:00etan puntuan, esan bezala, Otsolan zeuden, bazkaltzeko prest. «Presarik gabe ibili ginen, jendeak siesta eta guzti egin zuen han». Etortzeko garaian ere, igandean, 10:00etan atera ziren. «14:00etatik 14:30era denak hementxe ginen. Otsolan sobratu zen jana Inguruartera ekarri genuen, helduerara».
Ikusi dituzten parajeak ere ikaragarri politak izandu dira. «Jendeak, hormigoi gehixeago duen lekutik etorri zirenak, ez zuen sinisten ikusten zutena. Parte-hartzaileak oso eskertuta zeuden eta zorionak besterik ez zizkiguten ematen».
Haien arteko giroa ere ezin hobea izan da. Larunbat gauean, Labainen afaldu ondoren parranda eta guzti egin zuten, Jon Gaztelunak bere kitarra eta armonika eraman baitzituen. «Kriston juerga jarri genuen. Batzuk goiz xamar joan ziren, beste batzuk, berriz, goizeko 4:30ean parrandan zebiltzan oraindik», dio Sagastibeltzak.
Hau guztia ongi atera zedin bizpahiru laguntza ibilgailu izan zituzten asteburuan behar zituzten gauza guztiak eramateko. Horrexegatik, Aurrera Perra Taldetik Inazio Monteroarena, «Zuza eta Bitxori eskerrak eman» nahi dizkiete egin duten lanarengatik, hauek izan baitira laguntza lanetan ibili direnak: zaldien pentsuak eta jendearen trasteak eramaten, jana prestatzen... «Zaldiekin ez dute zerikusirik eta dena borondate onarekin egin dute».