Iruñeko suhiltzaile taldeko langile bat zauritu zen atzo goizaldean Leitzako Vanpac paper enpresan izandako sutean, lanean ari zela. Istripua 10:15ak aldera gertatu zen, 37 urteko suhiltzaileari 5 eta 8 metro bitartera zegoen paper fardo bat gainera erori zitzaionean. Pelbisa eta izterrezurra hautsi ditu, antza.
Nafarroako Gobernuko helikoptero bat hurbildu zen bertara, Leitzako gasolindegi berriaren aurretik dagoen lantegira. Leitzako osasun zerbitzu- etako kideek artatu zuten lehenengo eta ondoren helikopteroan eraman zuten Nafarroako Ospitalera, «kontu handiz, oraindik ere kalteen berri ez zutelako».
Sute handia izan zen atzoko goizaldean. Leitzako papera birziklatzeko enpresa bi eraikinetan dago banatuta, eta horietako bat ia erabat kiskali zen. «Kanpotik ez du ematen ezer duenik, baina barrutik osotara kiskali zen, ez zegoen ezer egiterik», gogoratu zuen Leitzako suhiltzaile boluntarioetako batek. «Gainera, errekaren aldera ematen duen aldea da kaltetuena». Dirudienez, oraindik ere kea ateratzen zaio paper fabrikari.
Herriko kamioilari bat bertatik 04:35a aldera pasa zenean sutea ikusi zuen eta abisua eman zuen. Leitzako suhiltzaile boluntarioak joan ziren orduan, kamioiarekin, baina «ordurako dena kiskalita zegoen», zioen Leitzako boluntario batek. «Gu 09:00ak aldera joan ginen, beste suhiltzaileak iritsi zirelako. Bitartean suhiltzaileei errekatik ateratako ura kamioietan sartzen ibili ginen, kamioiek beti ura izan zezaten». Arriskutsuena, Leitzako bonberoen arabera «uralitazko egitura gainean erortzea zen: beroarekin urtzen bezala hasi zitezkeen eta azkenean erori». Horrelakorik ez zen gertatu, baina ikusi zuten paper fardo horietako bat erortzen. Hori gertatu zitzaion suhiltzaile iruindarrari: «gainean erori zitzaion fardo horietako bat».
Sutearen ondoren
Oraindik argitzeke dauden arrazoiak izan ziren sua eragin zutenak. Kalte materialak handiak izan diren arren, suhiltzailea kenduta, ez da beste inor zauritu, Vanpac paper fabrikan gauetan ez baitute lanik egiten. Azkenean, 07:30ak aldera lortu zuten sua kontrolatzea.
Egindako lehenengo gauza «lantegian zegoen kamioia ateratzea izan zen», sua har ez zezan. Ondoren, gasoil deposito bat ondoan zegoela ikusita «kontu handiagoz ibili ginen, posiblezko eztanda ekiditeko». Orduantxe bukatu zen leitzarren lana; 09:00etarako edo, «joan egin ginen, profesionalei lanean utzita: guk geure lana egin genuen».
Hala ere, bertan geratu ziren berriro sua berpiztu ez zedin: «dagoen hautsa, paperak askatzen duen hautsa da lantegian arriskutsuena, horrek sua berriz piztea erraz baitezake». Horregatik, arratsaldeko orduetan zehar paper fardoak beste norabaitera eramanen dituztela esan zuten suhiltzaileek, «arriskuak txikitzeko». Aukeren artean, zabortegiak daude. Leitzako suhiltzaile baten arabera «suhiltzaileak oraindik ere baliteke bertan geratzea gaur goizaldera arte».
Leitzako suhiltzaile boluntarioen laguntza Iruñeatik eskertu zuten arratsaldean, zuzenean haiei deituz. Leitzako suhiltzaile boluntarioez gain, Iruñeako, Zangozako, Altsasuko eta Tafallako parkeetako suhiltzaileak izan ziren bertan.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!