Lau terdiko txapela lortu du Abel Barriola leitzarrak

ttipi-ttapa 2006ko azaroaren 7a

Abel Barriola pozik, profesionaletan lortu duen lehendabiziko txapela erakutsiz. TTIPI TTAPA

Hamar tantutan utzi zuen Patxi Eugi

Urtea bukatzeko modu ezin hobea aukeratu zuen Abel Barriolak eta lau terdiko txapela jantzi zuen abenduaren 23an Ogetan, Patxi Eugiren gainetik pasatu ondotik. Hamar tantutan utzi zuen agoiztarra eta profesionaletan lortu duen lehen txapela eraman zuen Leitzara. Aurretik, aita zenari eta Unai Arzallus zenari eskaini zien txapela.

Buruz buruko txapelketa nagusian bezalaxe, behe-behetik hasi zen Barriola lau terdikoan ere. Buruz burukoan finalerdietaraino ailegatu zen eta lanak eman zizkion txapeldun izan zen Belokiri. Lau terdikoan, berriz, Berasaluze VIII, Patxi Ruiz, Errandonea, Alustiza, Lasa III… parean jarri diren guziei irabazi ondotik, Patxi Eugi bera mendean hartu zuen finalean. Hori dena lortu arren, hasiberrien kontratuarekin eta binakako txaoelketan parte hartuko duen jakin gabe segitzen du Barriolak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun