• Asier Arzallus Gil leitzarrak 18 urte ditu eta 2,03 metro neurtzen du. Gasteizko Tau-Baskoniako bigarren taldean jokatzen du, pibot postuan, baina lehenbizikoarekin ere minutu batzuk jokatu ditu.
• Hamalau urtetan hasi zen saskibaloian, Tolosako kadete mailako taldean. Handik bi urtera Gasteizera joan zen, Baskoniarekin aritzera.
• Etorkizunera begira ez daki taldean segituko duen. «Lehen taldera pasatzea oso zaila dago, baina pixkanaka pixkanaka ikasten joatea eta saltoa ematea gustatuko litzaidake».
Kirol arloan pilota eta herri kirolarengatik ezaguna da Leitza. Baina saskibaloian goi mailan jokatzen duen kirolaria ere badute, Asier Arzallus: «Pixko bat arraroa da, bai. Leitzan pilotan, aizkoran, harri jasotzen, futbolean aritu da jendea, baina saskibaloirik ez da inoiz egon. Ni Tolosan hasi nintzen 14 urterekin, kadete mailan. Bi urte egin nituen eta handik Gasteizera».
Normalean Baskoniako bigarren taldean jokatzen du, baina Dusko Ivanovic-en esanetara ere jokatu ditu minutu batzuk. «Aurten aurredenboraldi osoa egin dut lehenengo taldearekin. Adiskidantzazko partidu bat edo beste ere jokatu dut, jendea falta dutenean. Talde oso ona da, jokalari guziak bikainak dira eta neretzat garrantzitsua da hor sartzea». Talde nagusiarekin entrenatzen duenean, hain maila handiko jokalariekin asko ikasten duela dio leitzarrak: «Entrenamenduak oso diferenteak dira, intentsitate handia dago eta ikasi egiten da». Kirol honetan ez dauka idolorik Arzallusek, baina Michael Jordan gustatzen zaiola aipatu digu. «Mitoa izan da, baina bestela ez dut bereziki gustatzen zaidan jokalaririk».
«Europatik Amerikara joaten direnak ez dira atzean gelditzen»
Kataluniar bat, Estatu Batuetakoak, italiarrak, argentinarrak, jugoslabiarrak, frantziarrak, lituniarrak… badirudi euskaldunek ez dutela leku sobera Tau-Baskonia taldean. Asierren ustez, «zaila da taldean sartzea, baina saiatzen gara ahal duguna egiten. Atzerritarrengana jotzen dute talde gehienek eta Tau da gehien dituena. Lehen taldean, kataluniar bat dabil eta gainerako guziak atzerritarrak dira. Europan goi mailan aritzeko atzerritarrak beharrezkoak dira, baina ez dakit denek hala izan behar duten».
Pau Gasol kataluniarrak Estatu Batuetako NBAn izaten ari den arrakasta hizpide hartuta, Europa eta Amerikako saskibaloiaren arteko aldea murrizten ari dela uste du Leitzako pibotak: «Saltoa bada, baina azken aldian joaten diren jokalariak oso ongi ari dira. Europan gero eta maila altuagoa dago eta Ameriketara joaten direnak ez dira atzean gelditzen».
Gure inguruan ez dago saskibaloi talderik eta Asierren ustez, futbolak kentzen dio protagonismo osoa. «Nafarroan ez dago talderik goi mailan eta horregatik ez dago afiziorik. Gasteizen afizio handia dago eta talde asko daude. Goi mailako talde bat izateak sortzen du horrelako afizioa».