Beste ezaugarriren artean, kirolarena eta kirolariena, hain zuzen, izan du nabari aspaldidanik herri honek. Goi mailako kirolariak badira, baina ezin ahaztu noski afizioz ere aritzen direnak. Dena den, nahiz eta maila eta ezagupen maila ezberdinak izan, aurreneko horiei esker herriaren zabaltzea ere eskertu behar diegu. Batzuetan bereziak eta herritasun kutsua dutenak gertatu dira, horra hor ekainaren 23a ospatutako Riaño eta Minttorlaren arteko aizkol txapelketa. Eta urtea ere hala joan zaigu; erremontistak jardunean (Zestau, Gaztelu, Astibia), eskuzko pilotariak gora (Oinatz, Ibai eta Aitor Bengoetxea, Iparra…), aspalditxo honetan isilago dauden Migeltxo Saralegi eta Iñaki Perurena. Hala ere, aipagarriena urte bukaeran heldu izan zaigu. Perurena gazteak (17 urte) bi errekor egin ditu, azkenekoa abenduaren 31n ETBren eskutik eskainitakoa, 180 kilo esku bakar batez eta aurretik, abenduaren 16an, 240 kilo bi eskuz. Aipatu gabe ezin utzi noski, nahiz eta makina bat aldiz ikusi dugun telebistan, egunkarietan… 23 urteko Abel Barriola gaztea. Gutxitan eta gutxik lortzen dutenen artean dago orain, bai pilota munduari baita herritartasun kutsuari dagokionez ere. Abel, Inaxio… eta gainerako guztiak, aipatutakoak eta aipatu gabe geratu direnak ezer gutxi eta berria dago esateko: «Orain artekoari jarrai», horixe da gure desioa.