Nafarroa eta Iparraldeko sei bertsolari gazteren arteko lehia estu baten ondoren, Xumai Muruak eraman zuen abenduaren 22an ospatutako Xalto Sariaren seigarren edizioa. Estitxu Arozenak, Xabier Silveirak, Xabier Legarretak eta Amets Arzallusek osatzen zuten zerrendan sartu da lapurtar gaztea, aipatutako hauek izan baitira sariketa honen orain arteko irabazleak.
Itxura polita hartua zuen eskolako jangelak bertsolariak kantuan hasi zirenerako. Esan behar da, guztiek lan txukuna egin zutela, baina Muruak ez ezik, Xabier Terrerosek –bigarren sailkatua– eta Oskar Estangak oraingoz besteek baino gehixeago direla erakutsi zutela. Dena den, saioa nahiko azkar joan zen eta garbi dago urtetik urtera Xalto Sariko partaideek maila hobeagoa dutela. Ez da gutxi Nafarroa-Iparraldeko txapelketa nagusiko finalistek sariketa honetan ez zeudela kontutan hartzen baldin badugu. Nafarroako Bertsozale Elkartekoak esan zigutenez, Andres Narbarteren oroimenean ospatzen den bertso lehiaketa honen hurrengo edizioa 2003. urtean izanen da, bi urtetik behin antolatzeko asmoa dute, beraz, tartean, Lapurdiko Ahetzen Mattin Saria eginen delarik.