Irailaren 24an jokatu ziren Amazabal pilotalekuan pilota eskolak, Udalaren, Nafarroako Federazioaren eta Goiko eraikuntza enpresaren laguntzaz antolatutako pilota txapelketaren finalak. Ikusmin handia piztu zuten final hauek, antolatzaileek uste baino askoz handiagoa, izan ere 500 ikusle inguruk bete baitzituzten frontoiko harmailak.
Benjamin mailan, Mikel Sagastibeltza E. eta Iker Iribarriak 18 eta 15 irabazi zieten Mikel Sagastibeltza L. eta Iñigo Larurteri.
Alebinetan, Jon Iparragirre eta Erik Jarak 18 eta 7 irabazi zieten Arkaitz Untxalo eta Iñaki Bernateri.
Infantil mailakoa izan zen finalik orekatuena. Azkenean, Iraitz Arrieta eta Txomin Zinkunegik 18 eta 16 irabazi zieten, Jon Idoarte eta Jon Jaunarenari.
Kadete mailan, Iñigo Aurtenetxe eta Ander Olaldek 22 eta 16 irabazi zieten Aritz Sagastibeltza eta Eneko Perosanz-i.
Jubeniletan, Hodei Iturriotz eta Eder Ibarra izan ziren txapeldun, Xabier Andreu eta Alejandro Nublari 22 eta 15 irabazi ondotik.
Senior mailan azkenik, Mikel Olazabal eta Beñat Mitxelenak 22 eta 12 irabazi zieten Jurgi Larrañaga eta Igor Baez-i. Azken markagailuak horrelakorik erakusten ez badu ere, partida gogorra eta orekatua izan zen. Lehendabiziko zatian, batez ere, hainbat berdinketa izan ziren.
Finalak jokatu ondotik, ikusleen artean zeuden Abel Barriolak, Ibai Bengoetxeak eta Oinatz Bengoetxeak eman zituzten sariak.