Igandean, irailaren 10ean jokatu zen Leitzan Nafarroako Herriz Herri txapelketako laugarren saioa. Jardunaldi honetan, Garralda, Ultzama, Igantzi eta Gure Txokoak hartu zuten parte eta Berriozarrek atseden eguna zuen.
Lehenbiziko konbinatuan, koxkor biltzea, zakua, aizkora, korrika eta arpana biltzen duenean, Garralda nagusitu zen, 20 minutu eta 28 segunduko denborarekin. Igantzi bigarren izan zen (22 minutu eta segundu 1), Ultzama hirugarren (22 minutu eta 25 segundu) eta Gure Txokoa laugarren (23 minutu eta 47 segundu). Beraz, lau jardunaldiak jokatu ondotik eta talde bakoitzak egindako bi denborarik onenak kontutan harturik, lehen konbinadan finalera pasatuko diren taldeak, Berriozar, Garralda eta Ultzama izanen dira. Leitzako saioan Igantzik Ultzama gainditu baldin bazuen ere, sailkapen orokorrean ez du gainditzea lortu. Honela, Lantzeko azken saioan, Bortzirietako bi taldeak, Igantzi eta Gure Txokoa, laugarren postuaren bila lehiatuko dira.
Harrijasotzea, txinga eramatea eta ingude altxatzea biltzen duen bigarren konbinadan, aldiz, Igantzi izan zen onena, 2 minutu eta 33 segunduko denborarekin, Garralda bigarren (2 minutu eta 55 segundu), Ultzama hirugarren (3 minutu eta 2 segundu) eta Gure Txokoa laugarren (3 minutu eta 44 segundu).
Igantzi faborito argia bigarren konbinadan
Bigarren konbinada hau liga sistema bidez jokatzen denez, final eguneko denborak orain arteko denborei batuko zaizkie eta guztira denbora gutxien duen taldeak lortuko du txapela. Orain arte Igantzi jaun eta jabe izan da jokatu dituen hiru saioetan eta 7 minutu eta 56 segunduko denbora dauka sailkapen orokorrean, bigarren den Garraldak baino minutu eta 10 segundu guttiago. Beraz, gauza aunitz okertu beharko litzateke Igantzik bigarren konbinatuko txapela ez lortzeko. Gure Txokoari dagokionez, azken postua saihesteko lehia izanen du Berriozarrekin. Momentuz, beratarrek 25 segundu eskaseko abantaila dute bere alde, eta abantaila horri eusten saiatuko dira Lantzen.
Larunbat honetan, irailaren 16an, eguerdiko 12 :00etatik aitzinera jokatuko da Lantzeko plazan Nafarroako herriz herri txapelketako azken saioa.