Nafarroako Herriz Heri txapelketako laugarren jardunaldia jokatuko da Leitzan

Aitor AROTZENA 2006ko ira. 8a, 12:04

Irailaren 16an Lantzen eginen den azken saiorako txartel bila lehiatuko dira taldeak

Igande honetan, irailaren 10ean, eguerdiko 12:30etatik aurrera jokatuko da leitzako plazan Nafarroako Herriz Herri txapelketako laugarren jardunaldia eta bertan erabakiko dira finalean arituko diren taldeak. Laugarren saio honetan, Garralda, Ultzama, Igantzi eta Berako Gure Txokoa arituko dira eta Berriozarrek atsedena izanen du. Azken saioa, berriz, irailaren 16an jokatuko da Lantzen.

Larunbat honetan, irailak 2, hirugarren jardunaldia jokatu zen Berriozarren. Jardunaldi honetan Berriozar, Ultzama, Igantzi eta Gure Txokoak hartu zuten parte, Garraldak atseden eguna zuelarik.

Lehenbiziko konbinadan, koxkor biltzea, zakua, aizkora, korrika eta arpana modalitateak biltzen dituen proban, Ultzama eta Berriozarrek lehia estua izan zuten, baina Ultzamakoak gailendu ziren hiru segunduko aldearekin. Ultzamak 21 minutu eta 14 segundu behar izan zituen, Berriozarrek 21 minutu eta 17 segundu, Igantzik 23 minutu eta 38 segundu eta Gure Txokoak 25 minutu eta 15 segundu.

Bigarren konbinadan Igantzi jaun eta jabe

Bigarren konbinadan, harrijasotzen, txinga eramaten eta ingude altxatzen hobeki moldatu ziren Bortzirietako ordezkariak. Igantzi jaun eta jabe izan zen eta 2 minutu eta 32 segundutan egin zituen lanak. Gure Txokoa bigarren izan zen, 3 minutu eta 30 segunduko denborarekin. Azken postua saihesteko borrokan zentesimek erabaki zuten. Ultzama hirugarren izan zen, 3 minutu 37 segundu eta 5 zentesimako denborarekin eta Berriozarrek 35 zentesima gehiago behar izan zituen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun