Igande honetan, irailaren 10ean, Taloaren Eguna ospatuko da lehen aldiz Leitzako Plazan, Plazaola Partzuergo Turistikoak, Leitzako Udalaren babesarekin antolatuta. Goizeko 10:00etan Merkatuaren irekiera eginen da. Leitzako hiru talo-egileek hartuko dute parte, Villabona, Saralegi eta Talotegiak. Hauekin batera, Plazaola Partzuergoko artisauak ere bertan izanen dira: Anatxonea, Basakaitz eta Bikain gaztak; Artzeluze eta Angel Beunza zur lanak; Isabel Telleria eztiak; Urrutia hestebeteak, Morele zeramika eta Martitxonea sagardoa.
Haurrenttzako talo lehiaketa
11:00etatik 12:30etara haurrentzako eta familientzako ekintzak eginen dira. Esate baterako, 4 eta 14 urte arteko neska-mutikoek taloak egiteko tailerrean parte hartzeko aukera izanen dute. Ondotik, haurrentzako talo lehiaketa eginen da eta sariak ere banatuko dira. 12:30etan, «Herriz herri» herri kirol txapelketako saioa eginen da. Saio honetan, hiruzpalau taldek hartuko dute parte. Talde hauek bi proba konbinatu ezberdinetan lehiatzen dira: batean, koxkor biltzen, zaku lasterketan, aizkoran, korrika eta arpanan arituko dira eta bestean, txinga eramaten, harri altxatzen eta ingudean. Goiz osoan, taloekin egindako plateren erakusketa eginen dute Karrapean herriko jatetxe eta tabernek. Arakindegia jatetxea, Landa ostatua, Musunzar ostatua, Sagasti jatetxea, Iruso jatetxea, Beatrizenea taberna, Gaztañaga taberna, Txoko taberna eta Leitzako jubilatuen elkarteak parte hartuko dute erakustaldi honetan.