• Duela hori urte arte Guardia Zibilak erabili zuen etxea okupatu eta urtebeteko lanaren ondotik, uztailaren 29an ireki zuten Leitzako Ateka Beltza Gaztetxea.
• Urte osoko egitaraua prestatzen ari dira. Gazteen buruan txapelketa ezberdinak egitea, Sahararen inguruko jardunaldiak, etorkinekin bildu eta beste ekitaldi batzuk egitea dago.
• Gazteentzako alternatiba berria sortu eta herriari zerbitzua eman nahi diote.
Uztailaren azken aste hondarrean inauguratu zenuten Leitzako Ateka Beltza Gaztetxea. Nolako harrera izan zenuten?
Harrera oso ona izan zen. Plazatik Ateka Beltzako atarira kalejira egin zen, txistulari eta dantzariekin; aurreskua dantzatu zuen Ateka Beltzako kide batek, irekiera egin zen, bazkarian 70-80 lagun bildu ginen, Goizuetako Gaztetxekoak ere etorri ziren, lotsa askatzeko jokoak egin ziren, trikipoteoa, luntxa, argazki erakusketa, Ateka Beltzak izan duen eboluzioa eta auzolanean egin den lan handia ikusteko, kontzertuak…
Inaugurazioaren aurretik lana gogotik egin beharko zenuten…
Auzolana hasi zen joan den urteko uztailaren 22an. Dena garbitu behar izan genuen eta lehen bi pisuak pintatu genituen. Gaztetxea lehenengo solairua da eta hor, konponketak egiten hasi aurretik, aparejadore batekin egon ginen. Bere ustez, etxea ez zegoen udaletxeak uste zuen bezain egoera txarrean, baina ekitaldi bereziren bat egitekotan lehenenengo solairuan egin beharko zen eta hori moldatu behar zen. Elektrizitatea eta ura jarri genuen, kableak moztuak zeudelako. Gero, lehenengo solairuko paretak bota genituen eta biga berri bat sartu genuen. Obratan eta badakien jendea aritu da auzolanean. Tarima zaharra kendu eta zola berria jarri genuen eta sabaiko egurrak bistan utzi genituen. Urte osoa joan zaigu, larunbatero 9etan auzolanerako 20 bat lagun biltzen ginen. Teilatua ere konpondu genuen, itoxurak moldatzeko.
Lan horiek guziak egiteko dirulaguntzaren bat izan duzue?
Pestetan barra ireki genuen Gaztetxean eta ekitaldiak egin ziren. Hor bildutako dirua materiala ordaintzeko erabiliko dugu. Oso harrera ona izan du, harrituak gelditu gara: herriko gazte guziak etorri dira kontzertuetara, baina bere garaian gaztetxea eskatu eta gaur egun heldua den jendea ere hurbildu da laguntza eskaintzera.
Gaztetxearen barrenean nola antolatu zarete?
Talde ezberdinak ditugu: komunikazio taldea, egitarauaz arduratzen den taldea eta auzolanetako taldea.
Duela urtebete okupazioaren bidea aukeratu zenuten. Zergatik?
Udaletxean hainbat bilera egin ondotik, ikusten zen ez zutela biderik ematen guk hemen toki bat izateko. Orduan okupatzea erabaki genuen eta Leitzako eragile ezberdinekin bilera egin genuen, etxe honek lau solairu dituelako eta gazteen txokoaz gain, Gizarte Zentroa ere egin daitekeelako. Etxea erabiltzeko asmoa zutenekin bi talde egin ziren: epe motzekoa, auzolanaz eta premiazko gauzetaz arduratu dena, eta epe luzekoa, hau da, etorkizunean Ateka Beltzan zer egin daitekeen aztertzeko batzordea.
Zein da Ateka Beltza gaztetxearen helburu nagusia?
Gazteok sortu eta eraikitako leku bat izatea eta autogestioaz eramatea da. Gaur egun gazteoi denbora librea diseinatu egiten zaigu eta guk, gure alternatiba sortu nahi genuen.