• «Aio Leitze» izeneko hiztegia argitara eman du Mikel Olano leitzarrak. Azaroaren 18an egin zuten aurkezpena Leitzan.
• Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatearen laguntza handia izan badu ere, zati ttiki bat bere sakeletik gustora ordaindu du.
• Euskal Filologian lizentziatua, lehenik Leitza eta Aresoko hizkerei buruzko liburua argitaratu zuen. Fontes Linguae Vasconum aldizkarian bi artikulu argitaratu ditu.
Izenburu berezia jarri diozu hiztegiari: «Aio Leitze». Zergatik despedida itxurako titulu hori?
Hasieran Leitzako hiztegia edo horrelako zerbait pentsatu nuen, baina zerbait gehiago jarri nahi nion, ez baita hiztegi hutsa, beste zerbait badu. «Aio Leitze» izenburuak garbi adierazten du garai bati adio esatea dela, bestela pentsatzea hipokrita izatea litzateke. Garai bat badoa eta garaia da esateko eta onartzeko. Beti ari gara gauza berarekin, euskalkiak galtzen ari dira, lexikoa galtzen ari da, baina ez dugu behar haina lan egiten. Ni lan bat biltzen saiatu naiz, esateko ‘honaino hau izan dugu’, balio dezala testimoniorako.
Nola dago antolatua hiztegia?
Lanean hasteko, Joxe Mari Azpiroz zenak Euskara aldizkarian argitaratutako artikulu batzuk biltzen hasi nintzen. Leitzan ez zituen inork ezagutzen. Adibidez, irispobe hitza Azpirozek bildu bazuen, hark zer esaten zuen jartzen dut. Berak azalpena erdaraz eman zuen eta nik euskarazko azalpena ematen dut. Batuan nola esaten den ez dakit, irispobe hori: Harrapa ahala guztia beretzako nahi duen pertsona da, baina hitz bakarrean adierazteko, nik ez dut ezagutzen. Beste batzuetan, hitzak euskara batuaren ordaina duenean, nik euskara batuaren ordaina jartzen diot. Leitzako zaharrek erabiltzen duten ekusi sarreraren ondoan batuako ikusi jartzen dut. Euskara batua haintzat hartzeko borondatea dago hor. Argazkiak ere badira, 250 bat.
Hiztegia idaztearen arrazoia etorkizuneko gizaldiak osatuko dituzten hiztun horiengan bilatu behar omen da… Hauek, ordea, ez al dute gero eta hizkera homogeneizatu baterako joera?
Bai, alde batetik gazteleraren eragina dago, gaur egun inoiz baino handiagoa dena. Eskura ditugu nahi ditugun medio guziak eta gehienak erdarazkoak dira. Euskarazkoak ere badira, baina medio euskaldunetan dugun euskara behar bada ez da beharko lukeena bezain ona. Euskara batuaren erasana ere hor dago. Koldo Zuazok berak garbi aipatzen du, Lehen Hezkuntzako laugarren maila arte edo ez litzatekeela batua sartu beharko, bertako euskara sendoa den herrietan.
Bertze herrietako gela edo hormari Leitzan kolle esaten diozue… Beste hitz berezirik topatzen ahal da hiztegian?
Leitza bertako hitz bereziak gutxi dira. Kolle ere ez da Leitzakoa bakarra. Ezkurra errekan aditzen da, mukikolle esaten diote . Hitzen eta formen konbinazioa izaten da hizkera berezi egiten dutenak. Hitzei baino hizkuntz senari garrantzi gehiago ematen diot hiztegian. Kontua da herri handi xamarretan euskarari buruz egiten diren lanak erreferentzialak izaten direla, Baztanen Mariano Izetak egin zuen eta Bortzirietan eta Goizuetan ere egin beharko litzateke.