Azken bi hilabete hauetan antolakuntza taldea egiten ari den lanari esker, azaroaren azken larunbatean eginen den feriaren bigarren ediziorako dena prest dagoela aurreratu daiteke dagoeneko. Eguraldia da herritar hauen esku ez dagoen gauza bakarra, baina txarra eginen balu ere, alternatibak prestaturik daude eta ez omen da inolako arazorik izanen.
Iazko salmenta postu eta azienda, eskulan eta mota ezberdineko erakusketaz gain, hainbat ekitaldi bitxi antolatu dira aurten feria egunerako. Goizeko 10etan irekiko da ofizialki iazkoa bezain ustegabekoa ez, baina askoz zaratatsuagoa izanen den ekitaldiarekin. Handik aurrera, trikitixa soinu artean, tolarean sagar txikitzea edo iratze meta egitea izanen dute ikuskizun plazan elkartzen direnek.14:30etan izanen da herri bazkaria eta honetarako txartelak Urrutinea eta Amaia tabernatan daude salgai. 14 urtetik beherakoentzat 14 euro balioko du bazkariak eta gainekoentzat 20 euro.
Udala, Umore Ona eta Goizueta Bizirik taldeaz gain, Zaharren Elkartea eta Gazte Asanblada ere buru-belarri sartu dira aurten antolakuntzan. Azkeneko hauek parrandarako ekitaldiak eratu dituzte naturala den bezala: bazkal ondorengo fandango lehiaketa, ilunabarrean herriratuko den Hernaniko Urumea txaranga edo gaueko Gaztetxeko kontzertua, esate baterako.