«Goizueta biziberritu eta ohitura zaharrak berreskuratzeko hasi ginen feria egiten»

Esteban AROTZENA 2006ko abu. 1a, 16:30
Miren Terexe UITZI Goizueta Bizirik Herri Plataformako kidea Utzitako argazkiak

• Azaroko azken larunbatean, azaroaren 26an, antolatu dute Goizuetan azienda feria berrituaren bigarren edizioa.
• Udala, Umore Ona eta Goizueta Bizirik taldeaz gain, Zaharren Elkartea eta Gazte Asanblada ere buru-belarri sartu dira aurten antolakuntzan.
• Miren Terexe Uitzi, Goizueta Bizirik Herri Plataformako kidea antolaketa taldean dago eta iazko edizioak «aurreikuspen baikorrenak gainditu zituela» dio.

Azaroaren azkenengo larunbatean, 26an, feria berrituaren bigarren edizioa ospatuko duzue. Zergatik hasi zineten festa hau antolatzen?

Feria egitea pentsatu genuenean datarena izan zen erabakirik errezena. Orain dela 25-30 urte arte azaroko eta abenduko azkenengo larunbatetan feria izaten zen Goizuetan, eta guk bi horietako bat hautatu genuen, azarokoa hain zuzen. Arrazoiak berriz, nik bi aipatuko nituzke bereziki: Hain ahul dauden herriko nekazaritza eta abeltzain sektoreak zerbait biziberritzea batetik, eta Goizuetako ohitura zaharrak berreskuratzea bestetik. Beno, eta zergatik ez? Baita parranda ederra botatzeko beste aukera bat izateagatik ere.

Iazko edizioak bete al zituen zuen asmoak?

Zalantzarik gabe. Gure prebisiorik baikorrenak gainditu ziren. Aziendak ekarriz edo zer edo zer saltzera atereaz 42 herritarrek parte hartu zuten. Honetaz gain, 300 lagun elkartu ginen herri bazkarian, eta kaleko giroa ederra izan zen egun eta gau osoan. Lehenbiziko urterako ez zegoen gehiago eskatzerik.

Feria egitearen arrazoiak eman dizkidazu lehen, baina nola sortu zen ekimen hau eta nork osatzen duzue antolakuntza taldea?

“Goizueta Bizirik” Plataformak luzatu zien ideia Udalari eta Umore Ona Elkarteari. Hauek arrunt ongi hartu zuten gure proposamena, eta lan taldea osatzeaz gain beraiek egiten diete aurre sortzen diren gastuei. Gu hiruraz gain, antolakuntzan daude herriko beste hainbat erakunde ere. Aipagarriena Gazte Asanblada da. Aurten gazteak buru belarri sartu dira lanean eta goi mailako ekitaldiak antolatu dituzte azaroaren 26rako. Herritar guzien artean prestatu eta denon artean gozatu nahi dugun ekitaldia da, azken finean.

Zertan gauzatu litezke feriarekin herria biziberritzearena eta ohitura zaharrak berreskuratzearena?

Herria bizirik mantentzen laguntzen dute bertan antolatzen diren emanaldi guziek. Azkenengo hogeita bost urteetan %40an jeitsi da Goizuetako biztanlegoa. Hori larria da eta guztien premia dago beraz. Ohitura zaharren berri emateko lagungarri dira bestalde, iazko hainbat lanabesen erakusketa, gurdiak... eta aurten eginen diren erakustaldi batzuk, tolarean sagarra txikitzea edo iratze meta egitea esate baterako.

Bukatzeko. Zer esanen zenieke elkarrizketa hau irakurtzen ari den Goizuetatik kanpoko bati?
Inguruko feri erraldoi horiek baino “gureagoa”, atseginagoa eta goxoagoa da gurea. Hori da behintzat guk eman nahi diogun ukitua, eta ziur lortu dugula. Heldu denak, ederki konprobatuko du. Presarik gabe etortzea gomendatuko nuke gainera, ilunabarreko eta gau osoko giroa ere ziurtaturik baitago. Beraz, denak gonbidatuak zaudete!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun