Azaroko lau asteburuetan izanen da non gozatu

Esteban AROTZENA 2006ko abuztuaren 1a

TTIPI TTAPA

Truk txapelketatik feriara, saltsa ikastarotik eta kantalditik igaroz

Umore Onaren eskutik elkartean bertan larunbat honetan jokatuko den truk txapelketa haundiak irekiko du azarorako prestatu den emanaldi zerrenda. 17:00etan dute hitzordua truk-zaleek, eta 10 euroko inskripzioak jokoan dauden bi sari ederren lehian sartzeko eskubidea emanen die apuntatutako bikoteei. Txapeldunek asteburu bat igaroko dute nekazaritza turismoko etxe batean, eta finalistek berriz, Fagollaga jatetxean afalduko dute. Egun eta ordu berean, umeentzat ere antolatu dute dibertsioa Goxaliko begiraleek. Jokoak eginen dira plazan, eta ondotik txokolatadara gonbidatu ditu Udalak partehartzaile guziak.

Azaroaren 12rako saltsa ikastaroa antolatu da. Iaz funkyrena egin eta 30 emakumek parte hartu zutenez, aurten antzeko zerbait egitea gogoratu zaie kultur taldekoei. 16:30etan hasiko da Ganbara aretoan bi ordu inguru iraungo duen emanaldi hau. Hilaren 18an, berriz, musikak hartuko du «Azaro Kulturalaren» protagonismoa, Nerea Erbiti, Nerea Urbizu eta Iñigo Agirre musikari eta abeslariek izanen baitira Ganbaran 19:00etatik aurrera. Azken hau herriko musika eskolako kitarra irakaslea da.

Azkeneko larunbatean, 26an, feriaren bigarren edizioa ospatuko da, baina honen berri zehatza eta zabala hurrengo alean emanen dugu.

Goxali

Urriaren 14an ospatu zuen Goxalik ikasturte haserako festa. Aurtengo aldaketak iragarri dituzte arduradunek. Alde batetik, DBH-4 arteko neska mutikoek izanen dute aurten liburutegira joateko aukera, eta bestetik, iaz ez bezala, ostiraletan ere tailerrak izanen dira adin guztietako haur eta gaztetxoentzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun