Olaizola II.aren hirugarrena lau terdian

Aitor AROTZENA 2006ko uztailaren 31

Espero baino errazago, 22-5 irabazi zion Xalari finalean

Aimar Olaizola, Olaizola II.ak, lau terdiaren barrenean hirugarren txapela jantzi zuen abenduaren 11n Donostiako Atano III.ean. Paper gainean zenbaki-zopa zaila dirudiena, kantxa gainean kontu erraza izan zen goizuetarrarentzat, 22 eta 5 irabazi baitzion Xalari. Urtea borobiltzeko modu ezin hobea aukeratu zuen Aimar Olaizolak, aurten buruz buruko bi txapelak jantzi baititu, kantxa osokoa eta lau terdikoa.

Txapelketako finalerdiko ligaxka ez zen ongi hasi Aimarrentzat. 21-22 galdu zuen Patxi Ruizekin partidu gogoangarri batean. Bazirudien lanak izanen zituela txapela lortzeko, baina Titineri eta Xalari aisa irabazi zien ligaxka honetan. Lekuinekoaren kontra jokatutako partida hasi baino lehen biek bazekiten finalean izanen zirela eta tentsiorik gabeko partida izan zen. Finalean gauzak aldatuko zirela zirudien, baina oraindik errazagoa izan zen azken partida Goizuetakoarentzat. Bere lana ongi bete zuen eta Xalaren urduritasuna aprobetxatu zuen.

“Zalantzekin hasi nuen txapelketa, baina askoz hobeto bukatu dut”

Espero baino errazagoa izan da finala…

Partida hauetan garrantzitsuena irabaztea izaten da. Neurketa zailagoa izango nuela uste nuen, baina hasieratik min handia egin diot sakearekin. Txapelketan zehar motz atera dut, baina finalean luze aritu nintzen, pilotari norabide emanez.

Zuzen jokatzearekin aski izan duzu hirugarren txapela janzteko…

Nik oso serio jokatu nuen. Botez ongi moldatzen da Xala, baina bolearekin eta gantxoarekin egiten du min gehien. Behetik jokatzen saiatu nintzen eta uste dut erabaki ona hartu nuela. Zalantzekin hasi nuen txapelketa baino askoz hobe bukatu dut.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun