Oialde taberna eta jatetxea eramateko inor aurkeztu ez denez, leku horri beste erabilera batzuk ematea erabaki du Guraso Elkarteak. Jakina denez, eraikinaren zati haundi bat jubilatuek erabiltzen dute eta bestea errentan ematen zen jatetxerako. Orain, jatetxeko jantokia zegoen lekuan gaztetxoen denborapasarako ludoteka prestatu da. Aurrera begira, jatetxearen sukalde eta taberna errentan jartzeko asmoa dago, guraso gazte batzuk soziedade moduan erabil dezaten. Beraz, hiru zatitan banatuko litzateke Oialde. Jubilatuek erabiltzen duten zatiari ere bultzada bat eman nahi zaio eta hori dinamizatu nahian dabiltza Udala eta Gizarte Zerbitzua. Adintuentzako jantokia irekitzeko egitasmoa dago eta horrek zer erantzun izanen lukeen jakiteko inkesta moduko bat ere egin da. Bautista Iratzoki apezak proiektua «oraindik berde» dagoela onartu du, baina horretan dabiltza.