Berrehun mila eurotik goiti mendiak landatzeko eta garbiketak egiteko

Esteban AROTZENA 2006ko uztailaren 31

Hurrengo urtean burutuko diren bi mendien landaketentzako eta aurreko urtetan aldatutako hainbaten garbiketentzako 200.700 euroko aurrekontua onartu du Udalak. Dirutza honen puska haundia Iruñeak subentzionatuko du, 126.700 euro. Astigarragako Lizelan enpresak aldatuko ditu Morro eta Okilegi mendiak. Lehenengoan, 8,8 Hektarea, koniferak sartuko dira azaleraren %71ean eta frondosak edo hostozabalak %29an. Okilegin, berriz, 17,5 Hektarea, %56an izanen dira koniferak eta %43an hostozabalak. Bi landaketa hauen gastua 68.000 eurokoa da. Gainerako dirua, goian aipatutako kopurura arte, aldatu berriak diren 150 Hektarea garbitzeko eta aurten matarrasan botatako mendiak prestatzeko erabiliko da. Mendiaren kontuekin segituz, Udalaren aurreikuspenik ez zuen bete orain dela aste batzuk Altsasun egindako mendi enkante bateratuak. Goizuetak eramandako sei loteak saldu ziren, baina %20ko jeitsierarekin guztiak. Beraz, hasierako prezioak zioen baino 120.000 euro gutxiago jasoko ditu herriak hurrengo hilabeteetan aprobetxatuko diren mendietatik. Tantailepoko eta Gaztaineneako loteak Antton Uitziri adjudikatu zitzaizkion; Aritziarrakoa Larranori; Deskargakoa Iturberriri, eta Burugorriko biak Etorkiri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun