Urte hauetan pilota profesionalaren mundua gero eta zabalagoa bilakatzen ari da. Euskal Herriko mugak aspalditik pasatuak ditu. Enpresa berri batzuk ere sortzen dira tartean egun guziz handitzen ari den ipotxa, Nafarroako Frontis. Atzerriko telebistako kateak ere haien interesa erakutsi dute. Pilotatik haien ogibidea egin duten lagun aunitz dira. Goi mailako pilotari aunitz Bizkaitik eta Nafarroatik etortzen badira, gure eskualdean badugu pilota eskola bat pilotari famatu bat baino gehiago hazi dituena. Gaur egungo profesionaletan, 4 dira Leitzan ikasi dutenak, Abel Barriola, Oinatz, Aitor eta Ibai Bengoetxea. Azken bi horien aitak Joan Mari eta Miguel, bere garaian profesionalak izan ziren. Afizionatuetara itzuli bada ere duela gutti Iparragirre Aspe enpresarentzat urte batzuk egin zituen.
Leitzako pilota eskolan ez badute sekreturik, erran behar da emaitza onen aldeko ezaugarriak dituztela. Duela 2 urte inguru, pilota eskolako batzordea aldatzen zela eta, bere semea bertan aritzen zela, Tomas Sagastibeltzak elkarteko lehendakari ordearen tokia hartu zuen. Emaitza onei dagokionez, zera aipatu digu: «Leitzan sekreturik ez zegok. Pilotari ona ateratzeko aritu behar duk eta horretan orduak sartu behar dituk». Leitzarrak aitortu zigun betidanik giro polita egon dela herriko pilota eskolan eta hori ere ezinbesteko baldintza dela gazteak aurrera ateratzeko. «Umea entrenatzera gustura joan behar dik». Gaur egun 60 gazte ibiltzen dira Leitzako pilota eskolan. Denak herrikoak dira salbu dozena erdi bat Aresotik, Ezkurratik, Lekunberritik, Larraundik eta Goizuetatik etortzen direnak. Ttikitatik, 8 urtetatik goiti, astean bi aldiz entrenatzen dira. Gazteagoak ere pilotan hasten ahal dira baina hori ez da pilota eskolan sartzen. Eskolaz kanpoko jardunaldietan, 4 urtetik goiti hasten ahal dira.
Pilotari ona ateratzeko gogotsu aritzea beharrezkoa bada, berezko kalitateak ere behar dira. Horiei entrenatzaile ona gehitzen bazaie, umeak ezaugarri guztiak eskuan ditu pilotari ona ateratzeko. Gaur egungo Leitzako pilotazale gazteak ez dute urrikitzekorik. Entrenatzaile, pilotan jadanik ezagunak diren herriko gazte batzuk dabiltza. Abel Barriola eta Oinatz Bengoetxeak dituzten ordu libreak gazteak aholkatzeko dedikatzen dituzte. Beste hirugarren entrenatzailea ere badute. Oraindik izena ez bada ezaguna baliteke hemendik urte batzuen buruan telebistan ikustea. Mikel Olazabal Aresoarra da hori. 19 urte ditu eta enpresa batzuekin entrenatzen eta hitz egiten aritu da. Hunek ere pilota eskolakoak laguntzen ibiltzen da. Duten esperientziari esker aholku onak ematen badituzte, denbora berean pentsa daiteke haurrengan ilusioa sortzen dutela, eta bidenabar, motibazioa. Haur batentzat telebistan agertzen den pilotari hura entrenatzailea bezala izatea bultzatuko du. «Entrenatzailea telebistan ateratzeak badik bere eragina» dio Tomasek. Dena ongi baldin badoa, Mikel Olazabalek izan beharko luke Leitzako pilota eskolatik aterako den hurrengo profesionala. Tomasen ustez, hurrengo urteotan beste batzuk izanen dira. Hala ere, guraso arduradun bezala ez zen gehiegi busti. «Gazteetan ere badituk etorkizun handikoak, baina izenik ez diat emanen, nahiko delikatua dualako. Gaur egun esatea 14 urteko bat ongi ari dela… bat baino gehiago badituk. Izenik ematea kaltegarria izan daiteke beretzat eta ondokoarentzat». Leitzan futbolak ere gazte ugari bildu arren, badirudi, horrelako serioarekin, antolakuntzarekin eta giroarekin, oraindik pilotari handi franko aterako direla herriko pilota eskolatik.
Oinatz BENGOETXEA
Zer oroitzapen atxikitzen duzu pilota eskolatik?
Oroitzapen onak. 6 edo 7 urterekin hasi nintzen eta 17 urte arte egon nintzen. Horren ondotik Asegarcerekin hasi nintzen. Entrenatzaile ezberdinekin ibili nintzen baina denek zerbait ekarri didate. Orain ni neu aritzen naiz pilota eskolan irakasten. Umezalea naiz eta ez zait batere gostatzen ordu batzuk haiekin ematea. Gainera oso ongi pasatzen dut.
Entrenatzaileak nolakoak ziren?
Jende ona. Pilota gauzetan bazakitenak. Guri pilotan erakusteko oso egokiak.
Umetan, noiz aritzen zinen pilotan?
Beti pilotan aritzeko gogoarekin geunden. Ttikitatik kristoren anbizioa neukan. Ordu asko sartzen nituen pilota plazan eta pilota eskola ez nuen sekulan faltatzen. Umetatik serio hartu nuen pilota. Azken batean egunero aritzen nintzen. Eskolako atsenaldietan, herriko plazan, frontoian, ahal nuen aldi oro.
Lehengusuekin eta Barriolarekin entrenatzen zira?
Bakoitzak baditugu gure entrenamenduak, baina bai. Nahiz eta Abel eta Ibai beste enpresa batzuetakoak izan, noizean behin elkartzen gara entrenatzeko.