Amazabal Institutuko atezainak baja hartu eta Hezkuntza Departamentuak bidali duen ordezkoa euskalduna ez delako bere kezka agertu du Institutuko Guraso elkarteak. Bigarren aldia da ordezko erdalduna bidaltzen dutela eta ordezkapena seguru aski luzerako izanen dela kontuan hartuz, «institutuarekin harremana dugun guztioi eskubideak murriztu dizkigute». Guraso Elkartearen arabera, arrazoia ezaguna da eta, zoritxarrez, ohikoa nafar administrazioan: lanpostuaz jabetzeko ez da nahitaez euskara jakin behar, merezimendu gisa soilik hartzen da kontuan.Gurasoen ustez, «ahalegin handia egin da Leitzako ikastetxeetan ere, herrian egin den bezala, euskara bertako lan eta zerbitzu hizkuntza bihur dadin, eta ez da atzera egiten hasteko unea. Gai hau ez da txikikeria bat, jende askoren lana eta izerdia eragin baitu euskara normaltasunez erabiltzera iristeak».
Guraso Elkarteak garbi utzi nahi izan du ez duela egokitu den atezainarekiko kexarik ezta ematen duen zerbitzuari dela eta deus aipatzekorik, alderantziz, bere lana oso ongi betetzen duela uste dute. «Arazo bat eta bakarra da gure adierazpen hau eragin duena: hizkuntza». Gurasoen ustez, egoera «tamalgarri» honen ardura eta erantzukizuna Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko arduradunena da, eta haiei dagokie konponbidea lehenbailehen bilatzea. «Guri dagokiguna da gure eskubideen defentsa egitea, kasu honetan hizkuntza eskubideen defentsa, eta horren ondorioz, eskaera argia egin nahi dugu: Leitzako Amazabal Institutuko atezaina euskalduna izan dadila, institutuko bizitza, oso-osorik, euskaraz egiten jarraitu ahal izan dezagun».