Negozioak sortzen laguntzeko tailerrak emango dira

ttipi-ttapa 2006ko uztailaren 27a

Cederna-Garalur arduratuko da, Empleate proiektuaren barnean

Enpresa propioa sortu eta martxan jartzeko zailtasun gehien duten pertsonei laguntzeko helburuarekin, Empleate proiektua abian jarri du Nafarroako Gobernuak. Cederna-Garalur arduratuko da proiektuaz Leitza, Areso, Goizueta, Lekunberri, Larraun, Araitz, Betelu, Imotz, Basaburua eta Ultzaman. Proiektua emakume, gazte, etorkin, ijito, gutxietsitako taldeei, denbora luzean langabezian egondako pertsonei, baztertze egoeran dauden eta lan bila dabiltzan pertsonei esate baterako, zuzendua dago.

Pre-emprender tailerra urtarrilaren 25etik otsailaren 2ra

Urtarriletik aurrera, Negozio Identifikazio Tailerrak eta negozio bat martxan jartzeko beharrezkoak diren gaitasunak lantzeko tailerrak emanen dira eskualdean. Hasteko, Leitzan urtarrilaren 25etik otsailaren 2ra «Pre-emprender» tailerra emango da.

Lau modulo ezberdin landuko dira tailer honetan.

Lehenik informatika emango da urtarrilaren 25, 26 eta 27an, 16:00etatik 18:30etara, Word dokumentuak egin eta Windows-en antolaketa landuz. Zazpi ordu terdiko ikastaroa izanen da.
Beste hiru moduloak urtarrilaren 30etik otsailaren 2ra emango dira, 9:30etatik 13:00etara. Bi ordu terdiz sustatzeko baliabideak emanen dira, bost orduz Nafarroako enpresari buruz oinarrizko ezagutza eta beste bost orduz denbora kudeaketa.

Ez omen da beharrezkoa tailer honetako modulo guztiak egitea, baizik eta norbai moduloren bat edo bi egiteko interesatua badago, horiek bakarrik egin daitezke. Dena den, kurtsoari edo proiektuari buruz informazio gehiago nahi duenak, Garapen Agentziarekin (617 609328) edo Lan Orientazio Zerbitzuarekin (619328264) kontaktuan jar daiteke.

Empleate proiektua Nafarroako Enplegu Zerbitzuak sustatu du, eta Equal ekimen komunitarioaren barne dago. Proiektua metodo eta lanabes berritzaileen diseinu eta garapenean oinarritzen da enpresak sortzeko. Proiektu honi buruz informazio gehiago jasotzeko www.empleatenavarra. net orrira jo daiteke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun