«Gorputzak eman dezakeen guzia emango dut etorkizunean ere, presarik gabe»

Aitor AROTZENA 2006ko uztailaren 27a

Aitor AROTZENA

• Esku bakarrarekin 220 kiloko harria altxatu zuen urtarrilaren 21ean Erandion Inaxio Perurena leitzarrak.
• 22 urte bete ditu urtarrilaren 10ean eta adin horretan esku bakarrarekin inork egin duen markarik handiena egin du. Iñaki bere aitak 268 kilo altxatuak ditu esku bakarrarekin.
• 1,95 metroko altuera du eta 128 kiloko pisua. «150 kilo baldin banitu ere gustora, ez belaunetarainoko triparekin noski, baina harrijasotzaile batentzat zenbat eta karga gehiago hobe. Gure dieta goserik ez pasatzea da».

Aurretik etxean altxatua baldin bazuen ere gustora gelditu da Inaxio Perurena Erandion egindako altxaldiarekin.«Plazan urduri zaude, tentsioan, askotan indar gehiago egiten da baina besteetan blokeatua gelditzen zara. Zorionez ongi atera zen, ia etxean baino hobeto!». Historiarako geldituko diren marka berriak egiten ari baldin bada, egunez eguneko jardunari begiratzea nahiago du Inaxiok: «Lehenago zer dagoen egina eta nik zer egin behar dudan begira hasten banaiz, azkenean burutik egiten zara. Entrenatu, gimnasioan pesak altxatu eta harriekin aritzen naiz, hobetzen badut ahal bada markak eginez. Ez diot begiratzen noraino ailegatu behar naizen, segi ahal dudan arte. Nere gorputzak eman dezakeen %100a eman, minik hartu gabe eta presarik gabe. Ezin dezaket esan horrela segituko dudan bi-hiru urtez edo gaur geldituko naizen». Esku bakarrarekin aitak bakarrik du berak baino marka hobea: «Esku bakarrarekin altxatzeko, behin gerrian buelta hartzen duzunean etzan egin behar duzu eta gure aitak gerria bisagra bezalakoa zuen eta horrela ailegatu zen 267 kilora, erraz esaten da!».

«Aimar Irigoien eta nere artean harreman ona daukagu»

Azken markarekin, Aimar Irigoienek urrian egin zuen 218 kiloko altxaldia gainditu du. Adin beretsukoak izanik eta marka berdintsuak egiten baldin badituzte ere, errezildarrarekin ez omen du lehia berezirik Perurena gazteak: «Kazetariek hori nahi dute, gure artean pikea izatea, baina Euskal Herria osoan 200 kiloko harriak altxatzen dituzten bi mutil gazte bakarrik gaude, eta elkarren artean pikea izatea ergelkeria da. Harreman ona daukagu eta elkarri aholkuak ematen dizkiogu».

Plazetako markak egiteko ordu askotako lana egin behar izaten da. Inaxiok etxean bertan antolatua du gimnasio txiki bat eta han ematen ditu orduak. «Entrenamendu luzerik ez dut egiten, astelehen eta asteartetan pesak, asteazkenean harria, ostegun eta ostirala berriz pesak, larunbatean harria eta igandean jai. Pesetan ongi ari banaiz edo indarrean nagoela somatu eta konfidanta hartu ondotik, federaziora deitu eta marka ahalegina antolatzen dute». Bost urtetan hartu zuen lehen harria Leitzako plazan eta 13-14 urtetan serioagoa hasi zen: «Harriak Euskal Herria osoa ezagutzeko aukera eman dit, Kanarietan egon naiz harriari esker. Ez dut imaginatzen nere bizia harritik gabe!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun