Artikutzako Metereologia Estazioak 75 urte bete ditu. Bere diamantezko Ezteietan, Euskal Herrian ez ezik penintsula iberiar osoan urtean euri gehien biltzen duen estazioa dela baieztatu du Espainiako Metereologia Institutuak. Banaz beste urtean 2.654 litro biltzen dira Artikutzan. Errekorra 1996an izan zen, 3.398 litro bildu zirenean. Kopuru hau, penintsula osoan urte batez inoiz neurtutako bigarren markarik handiena da. Lehenbizikoa Doneztebeko estazioan bildutakoa omen da.
Duela 75 urte, Igeldoko behatokiko arduraduna zen Mariano Doportok erabaki zuen estazioa Artikutzan jartzea. Eurien datuak 1931ko urtarrilean biltzen hasi zen –hilabete hartan euria egin zuen 19 egunetan eta metro koadroko 253 litro bildu ziren–. Tenperaturari dagozkion datuak zazpi urte beranduago, 1938ko urtarrilean hasi ziren biltzen.
75 urte hauetan bildutako datuen artean badira aski aipagarriak ere. Tenperaturarik altuena 37 gradukoa izan da, 1962ko abuztuan eta 1968ko uztailean neurtua. Guttieneko tenperatura, berriz, zero azpitik 14 gradukoa. Egun bakar batean euri gehien 1953ko urriko egun batean neurtu zen, 293 litro. Arestian aipatu dugu urte euritsuena 1966 izan zela, 3.398 litorekin eta lehorrena berriz, 1989. urtea, 1495,3 litro besterik ez baitziren bildu.