«Plazan aritutako 125 aizkolari leitzar bildu ziren Aizkora Egunean»

Aitor AROTZENA 2006ko uztailaren 27a

Agustin ARANBURU Aitor AROTZENA

• «Aizkolariak eta lasterkariak» izeneko bideoa egin du Agustin Aranburu leitzarrak. Urtarrilaren 20an egin zuen jendaurreko aurkezpena herriko zineman.
• Urtebetez herriko 22 lagunen hitzak bildu ditu: aizkolariak, lasterkariak, desafioak eta kirol hauen inguruko pasadizoak laburbildu ditu bi orduko bideoan.
• 1972. urtetik ari da bideo grabazioak egiten eta beste zenbait lan egiteko material nahiko duela dio.

Zer da «Aizkolariak eta lasterkariak» bideoan agertzen duzuna?

Aizkora eta korrika munduarekin zerikusia izan duten hogeita bi leitzarren testigantzak bildu ditut. Apostu, desafio, marka edo txapelketen inguruko adierazpenak biltzen ditut, baita garaiko irudiak ere. Nik neronek 1972. urtetik bideoz grabatu ditut herri kirol ikuskizunak eta horiek ere tartekatzen dira, baita beste irudiak ere. Guzira bost orduko grabazioa egin nuen, baina pixko bat orraztu eta bi orduko bideoa gelditu da.

Kontatu dizkizuten pasadizo guzien artean zein izan da bereziki hunkitu edo gustatu zaizuna?

Kontu bitxiak azaldu dira hor, bai. Aizkoran nonbait aritu behar eta gauez nola aritzen ziren kontatu didate batzuk. Festetan aizkoran aritzeko arrebari haragia ekartzeko esan eta gauez katuak jan ziola aipatzen du beste batek… Gaur egun Sarrio lantegia dagoen horretan, oraindik makinak sartu gabe zeudela, egin zen beste apostu bat.

Aizkora asko gustatzen zaizu eta bideoarekin ere grabaketa ugari dituzu. Zure bi zaletasunak uztartu dituzu lan honetan?

Bai, eta gero ahozko artxibo bat ere badago, garai hartako egunkariak ere badira…Leitza beti izan da aizkolari herria, basolari asko izan zituen garai hartan, erronka handi bat edo beste egin zen eta horri buruz asko hitzegiten da bideoan. Donostian izandako ikuskizun baten ondotik Paco Hernandorena leitzarrak bota zuen erronka: hamar leitzar hamar gipuzkoarren kontra aritzeko, bakoitzak hamarna kanaerdiko moztu behar zituen, ehun guzira. Leitzatik hamar aterako zirela, Gipuzkoatik beste horrenbeste ateratzen baldin baziren. Azkenean ez zen gauzatu, zazpi gipuzkoar biltzen zituzten, baina hiru falta…Leitzan noizbait plazan aritutako 125 aizkolari kontatu ditut. Egun batean, Aizkora Egunean bildu ziren.

Guzi horien artean, zein izan da zure ustez aizkolaririk onena?

Gartziarena eta Astibia aipatu behar dira, baina beste mota bateko lanetan, enbor batera eta, badira marka onak egindako beste aizkolari batzuk.
Herriko jaialdi ezberdinei buruzko hainbat grabazio dituzula aipatu dugu arestian. Aizkolari eta lasterkariei buruzko bideo honen ondotik, besteren bat prestatzeko asmorik?
Materiala bada, bai, baina honek nere asmoak bete ditu momentuz. Lan handia eskatzen du, urtebete eman ditut grabazioak egiten, gero handik eta hemendik moztu…
Etorkizunera begira, ez dirudi aizkora desafioek etorkizun handirik dutenik. Nolabait, galtzera doan ohitura baten testigantza bildu duzu bideo honetan?
Berriki Riañok eta Olanok egin zuten apostua, baina egia da lehengo mailetako aizkolarien arteko erronkak galtzen ari direla.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun