Plazaolako estazioko eraikinen gaur egungo itxura eta egoera kaxkarra aintzat harturik eta behin betiko egoera legala argitu ondotik, Udalak Nafarroako Gobernuari lokal horiek bere gain hartu ditzala eskatu dio. Izan ere, Patxi Saenz alkateak argitu digunez, «jabetzaren gaia epaitegietan zegoen, baina orain dela gutxi atera den sententzia baten arabera Nafarroako Gobernua da geltokiaren, biltegiaren eta kotxeren jabea». Udalaren asmoa eraikinak txukuntzea eta moldatzea da, Nafarroako Gobernutik dagoeneko jakinarazi baitute ez dutela deus egiteko asmorik. Biltegia nahiko ongi badago ere, geltokiaren eta kotxeren egoera oso txarra da. Horregatik, Udalak lokalak hustutzea eskatu dio Gobernuari, hortik aurrera txukuntzen eta erabiltzen hasteko. Alkateak esan digunez, «Iruñetik deus egin behar ez badute, gutxienez herriarentzat uztea nahi dugu». Eraikin hauei turismoarekin eta kulturarekin lotutako erabileraren bat emateko egitasmoa aztertzen ari da Udala, nahiz eta oraindik azkarregi den publiko egiteko: «Badago pertsona baten interesa eta proposamena eta udalari gustatzen zaio. Uda aurretik proiektua lantzeko eta Gobernuari zenbakiak eta proiektua aurkezteko asmoa dugu». Proiektu honetan hasi baino lehen, Nafarroako Gobernuari eskatu zaio maiatzaren 7rako biltegia uztea, Natur Bideen Eguna antolatu behar duelako Udalak Plazaolako Partzuergoarekin batera.
Egitarau zabala izango du Natur Bideen Egunak
Izan ere, egun horretarako egitarau zabala prestatua dago. 9etan helduei eta familiei zuzendutako hiru bizikleta ateraldi proposatu dira, Leitza iparra (Geltokia-Gipuzkoako muga-geltokia, 10 km.), Leitza hegoa (Geltokia-Uitziko tunela-Geltokia, 14 km.) eta Lekunberri eta Leitzako geltokiak lotzendituen 15 kilometroko ibilbideekin. 11etan umeentzako 4 kilometroko ateraldia egingo da geltokitik Erreka auzora. Pailazoak eta globoa ere izanen dira. Eguerdian kontzertua eskainiko du Skifaia Folck taldeak. 12:30etan pintxoak eta edariak banatuko dira ibilbideren bat egitera informazio gunean apuntatu direnen artean. Eguraldiak laguntzen badu, 10:00etatik 14:00etara globo gatibuak igotzeko aukera izanen da. Honetaz gain, ordu erdiro, 12etan, 12:30etan, 13:00etan eta 13:30etan, Iñaki Perurenaren «Peru Harri» parkera bisita gidatuak eginen dira. Horretarako, aurretik erreserba egin behar da informazio gunean.