Ostiral honetan, maiatzak 5, 23:00etatik aurrera Zubiondo tabernan jokatuko den mus txapelketak emanen die hasiera herrian «Txino» izenaz ezagutzen den auzoko festen hirugarren edizioari.
Biharamoneko egitaraua goi mailako ekitaldiz beteta dago goizetik arratsera, aurreko urtetakoa baino askoz aberatsagoa dudarik gabe. 11etan umeentzako jokoak izanen dira Goxaliren eskutik; 12etan txupinazoa botako da, eta ondoren erraldoiak eta buruhandiak ibiliko dira auzoan txistularien konpartsa lagun dutelarik; 12:30ak aldera Txino auzoa gainerako heri guziaren kontrako herri kirol desafioa hasiko da, aizkoran, txingetan, trontzan eta koxkor biltzen egin beharko dutelarik partaideek. Jaialdia bukatzeko Aimar Irigoien harrijasotzaileak erakustaldia eskainiko du.
Herri bazkaria
Aurreko urtekoen antzeko erantzuna ematen baldin badie goizuetarrek, herri bazkaria izanen da aurten ere Txinoko festen izarra. Txartelak salgai daude oraindik Amaiarenean. eguraldi txarra eginen balu eskoletako frontoian izanen da bazkaria. Onarekin, berriz, auzoko pilotaplaza irekian eginen da, jakina.
Bazkal ondoren, erromeria izanen da Ene Bada taldearen eskutik; 18:30etan, Ipar Euskal Herriko dantzarien emanaldia; 20:00etan bertso-poteoa, Xabier Silveira, Fredi Paia eta «Ministro»rekin. Gaueko 12:00etatik goizaldera arte DJ Bela txoznan. Gazte Asanbladak hartu du aurten ere bere gain festa eder honen antolakuntza, Udala eta auzoko bi tabernak, Gordea eta Zubiondo, babesle direlarik.