Leitzako suhiltzaileen parkea handitzeko lanean ari dira asteotan. 54.111,60 euroko aurrekontua duten lan hauek abenduan eman zizkion Udalak Lantalan eraikuntza enpresari. Lanen lehen fasean, suhiltzaileen egoitzari bi solairu izango dituen beste zati bat erantsiko diote. Jakina denez, anbulantzia zerbitzuak ere erabiltzen du egoitza eta honela, behean, zerbitzu honetako anbulantziak sartzeko tokia egingo da eta goian suhiltzaileen bulegoa. Dagoeneko egitura aurreratua dago eta gero teilatua jarriko diote. Borondatezko suhiltzaileen zerbitzuari dagokion lana denez, Nafarroako Gobernuak 11.000 euroko dirulaguntza emanen du lehen fase honetan eta gainerakoa herriak ordainduko du.