Aralar Musika Eskolak ikasleentzat musika lehiaketa antolatu du

ttipi-ttapa 2006ko uztailaren 24a

Partehartzaileek sailkapen saioa egingo dute martxoaren 11n eta gero finala jendaurrean jokatuko da. Artxibokoa

Aurrez, kartela eta trofeoa diseinatzeko lehiaketak ere egingo ditu

Leitza eta Larraun aldeko hainbat ikasle dituen Aralar Udal Musika Eskolak bertako ikasleei zuzendutako musika txapelketa antolatu du lehen aldiz, Satur Eleta Musika Lehiaketa. Lehiaketa martxoaren 11n hasiko da eta partehartzaile guzien artean sailkapen saio bat egingo dute, musika adituek osatutako epaimahai baten aurrean. Finalisten zerrenda osatuko da horrela eta finala jendaurrean egingo da.

Halere, Satur Eleta musika lehiaketa hasi baino lehen, hau iragarriko duen kartelaren eta sari modura banatuko den trofeoa sortzeko lehiaketa deialdiak ere egin du Aralar Musika Eskolak. Bi lehiaketa hauetan edozeinek har dezake parte, nahi haina lan aurkeztuz.

Kartel lehiaketari dagokionez:
A-2 formatoa izan beharko du eta «Satur Eleta Musika Lehiaketa» eta «Antolatzailea/Organizador: Aralar Udal Musika Eskola» testuak azaldu beharko dute nahitaez.
Horrekin batera, eskolaren logotipoa sartzea ere derrigorrezkoa da (www.aralar.org web-orrialdetik jeitsi daiteke).
Kartelean tokia utzi beharko da hurrengo edizioetan aldatu beharreko testuentzat: zenbakia, lekua, ordutegia eta behar bada, babesleentzako ere.
Lanak, ohiko sistema erabiliz, euskarri inprimatuan eta kalitateko handiko euskarri digitalean (CDan) aurkeztu behar dira otsailaren 24ko 13:00ak baino lehen, eskolak Lekunberrin duen egoitzan, astegunez, 9:30etatik 13:00etara.
Irabazle suertatzen den kartelaren egileak 500 euro jasoko ditu saritzat.

Eskultura-trofeo lehiaketako irabazleak, berriz, 1.000 euro jasoko ditu.
Lanak epe eta leku berean aurkeztu beharko dira.
Trofeoa moldeatu daitekeen materialaz egindakoa izan behar da. Neurriari dagokionez, txapelketa batean sari gisa emateko dela kontuan hartu behar da.
Lana behar bezala paketatuak aurkeztu behar da, bere argazkia inprimatua eta euskarri digitalean ere erantsiz.
Egilearen identifikaziorako ez zaio deus markatu behar eskulturari, beraz, kalterik egin gabe kendu daitekeen moduan jakinarazi behar da izengoitia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun