Otsaileko azken hiru egunak bereziak izanen dira, orduntxe ospatuko baitira herritar askorentzat atseginenak diren festak, iñoteak alegia. Azken urteotan hartutako edertasuna mantenduko dute aurten ere, eta egun hauetako giroak erakusten duenez, inoiz baino jendetsuagoa izan daiteke mozorroen taldea. Programari dagokionez esan, monitore aldaketa tarteko, ziurtatu gabe zegoela lerro hauek idazterakoan, astelehen arratsaldeko aerobic-eko emakumeen eta neska-mutikoen konpartsa. Asteartea ilunabarrerako berriz, karrozen lehiaketa antolatu du Gazte Asanbladak. Dena den, iñotetaz idazterakoan, ezin da aipatu gabe utzi ondorengo larunbata, martxoaren 4a aurten. Kontuak eginez, afaltzera bilduko da mozorroen taldea eta gaueko giroa ikaragarria izanen dela ziurtatuta dago. Hernaniko Urumea txaranga herrian izanen da ilunabarrean eta gauean
Asteleheneko eskea
Gero eta baserri gehiagotan mozorroak ez hartzeko joera hautsi zen iaz neurri batean eta aurten ere bide horretatik segitzea omen da mozorroen taldearen nahia. Iazko mezuari eusten diote mozorroek: beraien helburu bakarra etxaurre bakoitzean fandango bat dantzatzeko aukera edukitzea dela alegia, ohitura zaharrari eutsi ahal izateko.