Xapo aldizkariaren 5. zenbakia kaleratu da

Esteban AROTZENA 2006ko uztailaren 20a

TTIPI TTAPA

Kultur Taldeak eta Euskara Zerbitzuak argitaratua

Herriko Kultur Taldea hilzorian baldin badago ere, Xapo aldizkariaren 5. zenbakia argitaratzeko hainbeste indar atera du nonbaitetik, 28 orriko ale txukun eta duina gainera. Horretarako ezinbestekoa izan da Udal Euskara Zerbitzuaren kolaborazioa eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza eta Kultura Departamentuko dirulaguntza. Azala eta beste 3 orri azaroko feriari eskaintzen dizkio Xapok, Bai Euskarari kanpainak egun horretan izan zuen presentzia azpimarratuz, Ondoren, «Haiek bai garaiak! edo ez?» atalean, 1995. urteko herriko berririk garrantzitsuenak oroitarazten dira, orduko ttipi-ttapako kronikak eta argazkiak erabiliz horretarako. Hagitz interesgarria da Anttonek eta Susanak kontatzen diguten bidaia ere, 2004an Etiopiara egindakoa hain zuzen. «Ezetz asmatu» ataleko orriak berriz, argazki zahar bezain politez horniturik heldu dira, eta ale honetako elkarrizketa Belgikako Leuven-en ikasten ari den Saioa Tabernari egindakoa da. Txoko Sex-ek, «eta neskak ere masturbatzen al dira?» artikuluak, txisteak, «Hizkuntzaren jabekuntza» erreportaiak eta kontrazaleko «Zure txanda» sekzioak osatzen dute 2006ko Xapo aldizkaria. Argazki askokoa eta irakurterraza, aurrekoak bezalaxe. Ea 2007koak ere argia ikusten duen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun