«Eskura jatera etortzen dira oreinak, baina instintu basatia beti hor dute»

Aitor AROTZENA 2006ko uzt. 20a, 13:52
Joxe Mari GARTZIARENA Leitzako Lesakenea baserrikoa TTIPI TTAPA

«Behiak kentzea pena eman zidan, baina horrela ezin zitekeen segitu! Gero eta dirulaguntza txikiagoak eta exigentzia handiagoak ditugu»

• Baserriaren etorkizunarekin kezkati eta norabide berria eman nahian, haragitako behiak kendu eta 60 orein eme ekarri zituzten duela bi hilabete Leitzako Gorriztaran auzoko Lesakenera. • Joxe Mari Gartziarenak jakinarazi digunez, «proba moduan hasi gara eta ez gara kolpean gehiago ekartzera ausartu. Ongi badoa 150 orein jartzeko ideia badaukagu». • Dirulaguntzarik ez duela izan aipatu digu eta «baimenak eta paperak lortzeko traba asko».

Nola gogoratu zitzaizun behiak eta zekorrak kendu eta oreinak jartzea?

ETBko «Sustraia» programan ikusi nuen baserri batean oreinak nola zituzten eta idea gustatu zitzaidan. Beti gogoan gelditu zitzaidan. Behiekin, berriz, beti gehiago atera beharra, gero eta gehiago estutzen zaituzte, subentzioak bajatu… Orain dela bi urte beste hamar behien deretxoak erostea eta anpliazioa egitea pentsatzen negoen. Gastu handia heldu zen eta buruari buelta batzuk emanez, aldaketa egitea eta oreinekin proba egitea pentsatu nuen.

Baserriaren etorkizuna ilun ikusten den honetan, beste aterabidea bilatzeko modua izan da?

Bai, hori da. Gero, baserri ondoan etxe berri bat ere egin genuen eta orain baserria moldatu eta agroturismorako jarri nahi dugu. Aukerak zabaldu beharra dago. Behiak kentzea pena eman zidan, baina horrela ezin zitekeen segitu!

Zertarako erabiltzen dira oreinak?

Guk Iruñeko Zandiori erosi dizkiogu. Bera honetan ari da eta granjak baditu Milagron, Iruña ondoko Adoainen, Gasteizen… Gero, Andaluzia aldeko ehiza kotoetara eramaten ditu errepoblatzeko eta… Orduan, oreinak erosi eta lau bat hilabete dituztenean berriz ere saldu egiten diogu.

Azpiegitura lan handia egin behar izan duzue baserrian oreinak jartzeko?

20 Hektareako lur eremuan ditugu oreinak, belasoroan eta pinudian eta hori dena itxi behar izan dugu, bueltan-bueltan 3 kilometro terdi. Gainera, 2,40 metroko altuera jarri behar zaio hesiari eta urtebete eman dugu lan horretan anaiak eta biok. Garestia ere bada, metroko mila pezeta kostatzen da eta laguntzarik batere ez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun