Haurrentzako ekitaldiak izanen dira uztailean

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 17a, 12:47

Euskara Zerbitzuak eta Udalak antolatua

Leitzaldeko Euskara Zerbitzuak eta Udalak, Dindaia Fundazioaren laguntzarekin antolatuta, Haur Txokoa eginen da uztailean, 4 eta 12 urte arteko neska-mutikoei zuzendua. «Uztailean zehar ez gelditu etxean» lelopean, hilabete osoan edo erdian bakarrik joateko aukera eman dute. Ordutegi aldetik ere, 9:00etatik edo 10:00etatik 13:00ak arte joaten ahal da. Neska-mutikoek barreneko nahiz kanpoko ekintzak egiten ahal dituzte egunero eta, astean behin, Leitzako parajeetatik ateraldiak eginen dituzte. Horretarako, maimur edo Astiz liburudendetan eman daiteke izena.

Erraldoiak dantzan

«Leitzeko erraldoiekin dantzatu? Ezetz ausartu!» desafioa luzatu dute herriko erraldoien konpartsako kideek. Lau lagun aritzen dira 50na kilo dituzten bi erraldoiak dantzatzen: «Ez da nabaritzen zamarik. Haizea dabilenean gehixeago eutsi behar zaie, baina erraz ibiltzen da». Deialdi honen helburua «taldea bizkortzea» da. Dantza batetik bestera atseden hartzeko jende gehiago behar da eta horretarako dei berezia egiten diete gurasoei ere. Parte hartu nahi dutenek 678 277634 telefonora dei dezakete. Eginkizun nagusia dantzak ikastea izanen da eta hori uztailean eginen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun