57 Bai Euskarari ziurtagiri banatu dira Leitza eta Areson aurten

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 13a, 19:38
Utzitako argazkia TTIPI TTAPA

Ekainaren 30ean eman ziren agiriak festa giroan

Leitza eta Aresoko 57 elkarte, lantegi, denda eta beste erakundek Bai Euskarari ziurtagiriak eskuratu zituzten ekainaren 30ean, euskararen normalizazioaren alde urratsak egiteko konpromisoak hartu eta betez ari direnaren erakusgarri. Joan den urtetik 9 eragile berri gehitu dira ekimenera, hirugarren urte honetan. Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkariak aipatu zuenez, «pozgarriena, iaz konpromisoak hartu zituzten erakundeek urtean zehar bete eta neurri berriak hartu dituztela ikustea da, batzuk maila gainditu eta zerbitzuak euskaraz ematera iristeraino, eta entitate berriak gehitu direla euskararen normalizazioaren aldeko prozesura». Txalapartariek, bertsolariek eta dantzariek ere parte hartu zuten ziurtagiri banaketa ekitaldian, agiridunei omen eginez. Jarraipen batzordeko Sagrario Lasartek ere zoriondu zitruen eragileak, «euskararen presentzia handitzeko aurrerapausoak ematen jarraitzea ezinbestekotzat» joz. Kontxi Zozaiak, ziurtagiria jaso zuten eragileen ordezkariak aipatu zuenez, «horrela, Leitza eta Areson euskaraz, ikasi, lan egin, erosi, irakurri, informatu, azken finean euskaraz bizitzea, errazago eginen dugu guztiok bide honetatik segituz gero». Gaztetxoen artean euskara sustatzeko asmoz, “Herria euskaraz jantzi” jaia ere antolatu zuen ziurtagiria duen Erleta Ikastetxeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun