Leitzako Aurrera elkarteak aurrera eginen du batzorde berriarekin

Aitor AROTZENA 2006ko uztailaren 20a

Utzitako Argazkia TTIPI TTAPA

Leitzako kirol, kultur eta besta giroa ez dago ulertzerik Aurrera elkartea gabe. Futbol taldeak, pilota eskola, dantza taldea, Errege Kabalgata, Santiburtzioetako Plazaola aldizkaria, sortu berria den Aurrera Perra Zaldizale taldea… Halere, 300 bazkide di

Leitzako Aurrera elkartea aspaldikoa da Leitzan. Inork ez daki garbi noiz sortu zen, baina 1927. urteko bafutbol taldearen argazkia bada. Halere, 1970. urtera arte ez ziren estatutuak onartu, orduan lokala alokatzeko. Karlos Agirre izan zen lehen presidente ofiziala, 1973an. 33 urte beranduago ere bera da presidente. Hiru hamarkada hauetan, kontuak erabat aldatu direla aipatu digu: «Oraingo honekin laugarren aldia da presidente nagoela. Aurreko aldia 1973an izan nintzen eta gauzak asko aldatu dira, Aurreran bezalaxe beste leku guzietan. Lehenago edozer gauza egiteko jende asko biltzen zen, pestaurren izugarrizko ilusioa izaten zen, batzarra deitu eta ezin kabituz… Plazako balladoa jarri behar zela edo Eguberrietako Belena egin behar zela eta jendea pilaka biltzen zen. Orain jendea indibidualizatu egin da, bakoitzak berea, bere txokoa… besteentzat lan egiteko zera hori desagertu egin da eta ez dakit bueltan etorriko den».

«Elkartea bera inoiz egon den egoerarik onenean dago»

Duela bi urte egin zen batzarrean inor ez zegoen prest presidente kargua hartzeko eta berak hartzea erabaki zuen. Aurten, egoera oraindik beltzago zegoen. Agirre segitzeko prest zegoen, baina juntan lagun izan dituen lau neskek kargua utzi nahi zuten. Lehenbiziko deialdiak izan zuen harrera eskasa kontuan hartuta, beldur zeuden, baina bigarren deialdian 50 lagun bildu eta zuzendaritza batzordea ez ezik, beste batzordeak ere osatu ziren. Gainera, elkartea, lanean aritzeko egoerarik onenean dagoela uste du presidenteak: «Orain bi urte batzordean sartu ginenean, elkartea oso gaizki zegoen, sentidu guzietan: erabileran, nahi zuenak nahi zuena eginez, desfasatua… urte oso txarra pasatu genuen dena zuzentzen. Egoitza ordaintzen bukatu dugu, lehen diru guzia kreditua ordaintzeko erabiltzen baitzen. Orain, hori ordainduta dago, jende berria sartu da, zaldi taldearen komisio berria sortu da, bazkide berriak egiten ari dira… lan egiteko aukera ederra dago! Hiru solairuko lokala daukagu, bere bulegoekin, ordenagailu, faxa, telefonoa… Goitik behera dena oso ongi antolatua dago, lan egiteko ez da problemarik, lan egiteko gogoa behar da!». Alde horretatik, esker oneko hitzak ditu Agirrek, azken urteetan berekin juntan aritu direnentzat: «Urte hauetan lan ikaragarria egin dute, gauzak diren bezala. Azken batzarrean urduri xamar nengoen eta ez nituen eskertu, baina hemendik eskerrak eman nahi nizkieke».

Zuzendaritza batzordea berritzeko arazoekin zabiltzate azken aldian. Zergatik gertatzen da hori?

Duela bi urte ere hiru-lau deialdi egin eta inor ez zen agertzen. Azkenean, ni beti Aurrera inguruan ibili naiz, asko maite dut eta azkenean sartu nintzen, besteek segitzen bazuten. Ohartu gabe bezala egin zen junta berria. Aurten, juntan zeuden lau neskek ez zuten segitu nahi, eta lehenbiziko deialdian hiru bazkide bakarrik agertu ziren. Hirurehunetik hiru bakarrik, hori ikaragarria izan zen! Gero, azken deialdi bat egitea erabaki genuen, elkartea ixterainoko neurriak hartzeko prest geundela jakinaraziz komunikabideetan. Nonbait, horrek kezka sortu zuen eta pozgarria izan zen bigarren bilera horretara hainbeste jende biltzea. Komisio pila bat osatu dira, idazkaritzarako bat ofiziala eta bestea laguntzeko prest… Baina aldaketa hori gauza serio zegoela ikusi delako izan da.

Hain konpromiso handia eskatzen al du bada batzordean sartzeak?

Zuzendaritzan sartzeak badu bere konpromisoa, dudik ez da! 300 bazkideko elkartea da, komisio pila bat ditu: pilota, dantza, futbola, mendi taldea, orain zaldi taldea… Horrek badu bere lana, jendearekin harremanean egon behar duzu, sortzen diren gorabeherak moldatu, eguneroko martxa eraman… Badu bere konpromisoa, baina 300 lagunetik inor ez konprometitzea oso tristea zen.

Hainbat ekitaldi antolatzen dituen Aurrerarik gabe, Leitzako bizimodua ere ezberdina izanen litzateke…

Aurrera herriko sentimentu izugarria da. Orain ez dakit hori galtzen ari den… Kuriosoa da 300 bazkide dituela eta hilero bere kuota ordaintzen dutela, baina ez dute gehiago busti nahi. Baina hori ezin da horrela, ez bada jendea gauzetan sartzen eta herrietan mugimendurik ez bada, dena galduko dugu, ohiturak galdu ditugu, elkarbizitza galduko dugu… Lastima da hori!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun