Karrape Irratiak 5.300 euro bildu ditu Saharakoei laguntzeko

ttipi-ttapa 2006ko mai. 12a, 18:05
TTIPI TTAPA

Otsailaren 9tik 11ra izandako uholdeek kalte handiak eragin dituzt

Otsailaren 9tik 11ra Argeliako Tinduf lurraldean egindako euri tropikalek uholdeak eragin zituzten han kokatuak dauden Saharar errefuxiatuen kanpamentuetan. Azpiegituren erdia baino gehiago kaltetuak suertatu dira. Errefuxiatuen artean ez da inor hil, ezta larri zauritu ere, baina egoera aski larria da. Gurutze Erdi Gorriak emandako datuen arabera, «12.000 familia inolako babesik gabe gelditu dira, soinean daukatenarekin».

Egoera honi aurre egiteko, Karrape Irratiak, Saharar Herriarekin Elkartasun Taldearekin batera diru-bilketa kanpaina egin zuen otsailaren 14tik 17ra eta entzuleen erantzuna «ikaragarri ona» izan dela aipatu digu Unai Zabaleta irratiko esatariak. «5.300 euro bildu ditugu lau egunez eta oraindik jendea deika ari da dirua nola ematen ahal duen galdetuz. Horiei esaten diegu, badela kontu bat irekia Euskadiko Kutxan: 30350012740120086016 zenbakia. Guk dirua horrera bideratu dugu eta hortik Gurutze Erdi Gorrira bidaliko da».

«Asteko pagatik

Dirua eman duten guzien borondatea estimatzekoa bada ere, kasu bitxiak ere badaudela aipatu digu Unai Zabaletak: «batean hiru ume etorri ziren, bat oso txikia gainera,Sahararen alde bere pagatik 5 euro eman nahi zituztela esanez. Beste entzule gazte bat, paseora atera kaskoekin eta kanpainaren berri entzun zuenean, buelta eman bankuan dirua atera eta irratira etorri zen, 300 euro emateko. Harritzeko erantzuna izan da».

Partikularrek ez ezik, erakundeek ere bere laguntza eman dute, tartean Aresoko Udalak. Elizan ere, ari dira Tindufeko kanpamenduetako uholdeek eragindako kalteak moldatzeko dirua biltzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun