Hamabi urte arteko haurrentzat ludoteka ireki dute martxoaren 27an udaletxeko lehen solairuan, Euskara Zerbitzuaren eta Udalaren eskutik. Haurrek jostatzeko leku berezirik ez zuten orain arte eta astelehenetik aurrera, horretarako aproposa den gunea ireki da. Momentuz, apirilean eta maiatzean irekia egonen da, baina heldu den ikasturtean urrirako irekitzea espero dute. Izena eman nahi duten haurrek 10 euroko matrikula ordaindu behar dute.
Jostatzeko txoko hau antolatzeko haur eta gaztetxoen aisialdian aditua den Dindaia Fundazioaren laguntza izan du Euskara Zerbitzuak. Jostaketaren bidez haurren heziketari eta formakuntzari bultzada emateko lekua dela uste dute antolatzaileek. Ludotekan, adinaren araberako bi talde eginen dituzte, bost urte artekoak alde batetik eta 6tik 12 urte artekoak bestetik, «bakoitzari dagokion arreta maila eskaintzeko helburuarekin». Talde bakoitzak bere ordutegia izanen du.