Goizuetako XXII. Feria Eguna azaroaren 28an ospatuko dute

Ttipi-Ttapa

Azaroaren 28an, 10:00etan hasiko da azoka.

Goizean azoka eta eguerdian apustu berezia antolatu dituzte. Herri bazkarian 430 bat lagun espero dituzte eta gauean, herriko musikari kuadrilla batek kontzertua eskainiko du gaztetxean.

Herritarrak zein bisitariak festa giroan elkartuko dira larunbat honetan Goizuetan. 10:00etan hasiko da azoka eta goiz osoan talogileak, trikitilariak eta beste zenbait erakustaldi izanen dira. Tartean, 11:00etan, eztia nola egiten den erakutsiko du Jose Ramon Jimenezek. Eguerdian, 12:00etan, Beheko Landan desafio berezia antolatu dute. Pagollaren zaldiak eta Basozabalen idi pareak 800 kiloko harria mugitu beharko dute. 1.000 euro daude jokoan. 14:00etan hasiko da herri bazkaria eta 430 lagunentzako gorde dute tokia. Bazkalondoan txaranga ibiliko da eta iluntzean, Txirrinta foodtruckak Goizuetako ikatzarekin prestatutako hanburgesak salduko ditu. 21:00etatik aurrera, gaztetxean kontzertua izanen da. Herriko musikari kuadrilla bat igoko da oholtzara eta rock and roll kanta ezagunen bertsioak joko dituzte. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun