Data seinalatua ate joka dute goizuetarrek eta ilusio handiz hartuko ditu Arozenak, «urtero bezala, azaroko azken larunbatean», egiten diren feriak, «aurten, hilaren 28an eginen dira, hain zuzen ere». Urtean behin egiten den feria eguna izanik, ederki disfrutatzen duela aipatu digu: «Oso berezia da. Feria eguna herriko azienda eta produktuen erakusleiho izaten da». Gainera, Goizuetako ferien berezitasunen inguruan galdetuta, «oso bertako feria» dela azpimarratu du: «Bertako azienda arrazak, produktuak, artisauak, talogileak, txondorgileak, erlezainak, musikariak… Oraindik lehengo kutsu handia mantentzen duen herria izanik, feria txikia da, baina autentikoa».
Afiziotik, antolatzera
Baina ez du urteko egun bakarrean feria eguna buruan, aurreko hilabeteetan ere Ferietako Batzordean aritzen baita buru-belarri, 2022an lehenengoz, eta baita gaur egun ere: «Duela lau urte hasi nintzen ferietako batzordera hurbiltzen. Aurretik aziendak eramaten nituen feriara. Gustuko eguna izanik, antolakuntzan parte hartzera animatu nintzen».
Dozena bat lagunez osaturiko eta «herriko zenbait eragilek» osatzen duten batzordeak feria egun erakargarri bat antolatzea dute helburu. Horretarako, aurreko hilabeteetan egin beharrak banatu eta lanean hasten dira: «irail-urri aldera hasten gara bilerekin. Dena den, bakoitzaren ardurak ongi banatu eta norberak bere lanak bideratuta eramaten ditu bilera horietara». Egun borobila antolatzen dute urtero, betiere «herritarren parte hartzea sustatuz, herriko kultura eta tradizioa erakutsiz, eta nekazari, abeltzain zein artisauen lana nabarmenduz».
«Gustuko eguna izanik, antolakuntzan parte hartzera animatu nintzen»
Aurtengoan ere, goizetik iluntzera arteko egitaraua antolatu dute Arozenak eta batzordekideek: «Goiz osoan azienda eta postu ugari egonen dira, herriko trikitilariek girotuta. 11:00etan eztia nola sortzen den ikusteko aukera izanen da plazan eta, ondotik, idi parea eta zaldiaren arteko desafioa izango dugu. Eguerdian, bazkari herrikoia frontoian, herriko dultzaineroek alaiturik, eta arratsaldean, txaranga izango dugu herrian barna. Bukatzeko, gaztetxean herriko musikari eta musikari ohien eskutik, kontzertua izanen da. Afaria nahi duenak, foodtruck Txirrintan hanburgesa jateko aukera izanen du, Goizuetako ikatzarekin egina».
Animalien inguruan gaztetatik
Antolakuntzaz gain, feria egunean Julenek ere bere animaliak herrira eramaten ditu, zehazki, bere astoak. Urteoro «hainbat asto» herrira jaisten ditu feria egunean, orain dela 20 urteetatik astoen inguruan badabila eta. Umea zenean hasi zitzaion animalienganako zaletasuna: «Ni umea nintzen garaian gure etxean animaliarik ez bazen ere, nire aitak beti izan du aziendekin zaletasuna, eta horrek asko lagundu dit». Txikia zenean ardiak zituen gustuko, baina gerora astoaenganako interesa piztu zitzaion, eta bi hamarkada beranduago zaletasunari tiraka ari da.
«Nire aitak beti izan du aziendarako zaletasuna eta horrek asko lagundu dit»
Gaur egungo abeltzaintzaren egoeraz mintzatu da goizuetarra, eta baztertutako sektorea dela garbi du, gutxietsia dagoela: «Ez dut uste gizarteak lehen sektorea behar adina baloratzen duenik. Elikagaiak sortzen eta ingurunea zaintzen ari denari erraztasunak eman beharrean, trabak jartzen ari zaizkielako». Urteak pasatzen diren neurrian, neketsuagoa bilakatzen ari da Arozenarentzat abeltzain lanetan aritzea, baina, hala ere, belaunaldi berrietatik abeltzaintzara batzen direnak badaudela ere ikusten du.