Azaroan sartuta, bat baino gehiagok hasi izanen du feria egunerako atzerako kontaketa. Azaroaren 28an da Goizuetako XXII. azienda, artisau eta nekazari azoka. 10:00etan hasiko da feria eta goiz osoan talogileak, trikitilariak eta beste zenbait erakustaldi izanen dira. Tartean, 11:00etan, eztia nola egiten den ikusteko modua izanen da herriko plazan. 12:00etan zaldi eta idi proba eginen dute Beheko Landan. Hamabost minutuko txandak osatu beharko dituzte. Pagollaren zaldia eta Aburuzaren idia ariko dira aurrez aurre. 14:00etan herri bazkaria izanen da eta, urtero bezala, bertako babarrunak, betizu gisatua eta postrea izanen dituzte. Bazkarirako txartelak Amaia kafetegian salduko dituzte azaroaren 24ra arte. 430 txartel aterako dituzte eta, horregatik, joateko asmoa duenak, bixkor ibili beharko du. Hiru urtera arte dohainik izanen da, lau eta hamabi urte artekoek sei euro ordaindu beharko dituzte; ikasle eta langabetuek hemezortzi euro eta langileek hogeita bost. Bazkalondoan txaranga, iluntzean Txirrinta Foodtrucka etorriko da eta Goizuetako ikatzarekin ketutako hanburgesa jateko aukera izanen da. Gauean gaztetxean kontzertuak izanen dira. Antolatzaileek baserritarrez jantzita joateko eskaera egin dute.