Maraburu herri kooperatiba pausoz pauso ari da bidea egiten eta azken aste hauetan bazkidetza kanpainari bultzada berezia eman diete. Urriaren 11n herrian azoka berezia egin zela aprobetxatuz, mahaitxoa jarri zuten plazan eta kooperatibako logoa bozkatzeko aukera emateaz gain, bazkide egiteko aukera ere eskaini zuten. Urri bukaerarako 50 lagunek emana zuten izena. Etxez etxe ere banatu dituzte izena emateko orriak eta, nahi duenak, online egiteko aukera ere badu.

Parlamentura bisita
Urriaren 28an Nafarroako Parlamentuko lan saio batean parte hartu zuten Maraburu kooperatibako hainbat kidek. Herriko taberna eta dendaren proiektua aurkeztu zuten, babes ekonomikoa lortu nahian.