Azaroaren 13an, ostiralean, Jakoba Errekondok eta Markel Arriolabengoak Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburua aurkeztuko dute Maisuenean. Errekondok eta Arriolabengoak, Iñaki Etxebesterekin batera osatu duten liburua ekainean argitaratu zuten. Euskal Herriko kulturaren historia eta garapena lantzen du, zuhaitz eta arboletan oinarrituta: erritoak, ospakizunak, eraikuntzak, energia, industria, laborantza, abeltzaintza eta abar luze bat. 1.096 argazki eta 100 ilustrazioz osatutako liburua da. Egileen azalpenak aditzeko aukera bikaina izanen da.
Azaroaren 14an, larunbatean, segida izanen du festak. Iñaki Garijo eta Elena Minerrek La lengua de los Pájaros eleberria aurkeztuko dute, 17:30ean, Maisunean. Antza denez, eleberriaren pasarte bat Aranon kokatua dago. Iluntzean, bertso saio berezia izanen da. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketari begira lagunarteko saioa egiten dute astero hainbat bertsolarik herrian. Lagunarteko saio hori jendaurrean eginen dute larunbatean. Eguna bukatzeko, 21:00etatik aurrera, gaztaina eta talo jatea antolatu dituzte.