Administrazio publikoan erabatekoa izan zen grebaren jarraipena. Leitzako eta Aresoko Udalek bat egin zuten greba orokorrerako deialdiarekin: ez zuten jendaurreko arretarik eskaini eta udaletxeko bulegoak itxita egon ziren. Gizarte zerbitzuko bulegoak ere itxita egon ziren eta ez zuten jubiloteka zerbitzurik eskaini. Mendialdea Mankomunitateko bulegoak ere ez zituen ateak ireki eta Anikote Kiroldegia eta Leitzako liburutegia ere itxita egon ziren, bertako langileek greba deialdiarekin bat egin zutelako. Osasun etxean ere langileek bat egin zuten deialdiarekin, baina gutxieneko zerbitzuak eskaini zituzten.
Leitzako Landa eta Iñurrista eta Aresoko Eluseder industrialdeetan ere nabarmena izan zen grebaren eragina. Leitzako paper lantegiak, adibidez, gelditu egin zuen bere lan jarduna. Leitzako komertzioek eta ostatuek ere bat egin zuten grebarekin eta egun osoan itxita izan zituzten ateak.

Mobilizazio jendetsua iluntzean
Iluntzeko seietan, eskualdeko mobilizazioa deitua zuten Leitzan. Antolatzaileen esanetan aspaldiko mobilizaziorik jendetsuena izan zen, 1.000 lagun inguru elkartuta. Etxebizitza euskal langileria pobretzeko eta berau zeharkatzen duten arrakala matxista eta arrazistetan sakontzeko arrazoi nagusietako bat bihurtu dela salatu zuten: «Etxebizitzak eskubide bermatua izan beharko luke, osasungintza eta hezkuntza diren neurri berean. Hori lortzeko oztopo nagusia da etxebizitzarekin egiten den espekulazioa». Guztientzat kalitatezko etxebizitza bermatzea «posible» dela adierazi zuten, baina horretarako «erroko hiru transformazio» bultzatu behar dira, haien arabera: «Batetik, espekulatzaileen desjabetzea; bestetik, jardun espekulatiboaren debekua. Eta, azkenik, etxebizitza langileriaren beharren arabera antolatzea». Horrekin batera, euskal langileriak «berehala» beharko lituzkeen hainbat neurri aipatu dituzte: «Etxegabetze guztiak etetea eta etxebizitzen prezioak jaistea».