Urrian egindako ekitaldiek izan duten harrera ona ikusita, ilusioz prestatu dute azaroko ekitaldien egutegia Leitzako jubilatuen elkarteko kideek. Azaroaren 12an izanen dute hurrengo hitzordua eta dantzarako afizioa dutenek, koreografiak ikasteko aukera izanen dute. Azaroaren 17an, euskal kanten saioa eginen dute eta 18an mugikorraren erabilerari buruzko ikastaroa eskaintzeko asmoa dute. Mugikorrarekin egunerokoan erabilgarriak diren gauzak nola egin erakutsiko dute: osasun karpeta erabiltzen, zinemako sarrerak nola erosten diren, Bizum bat nola egiten den, autobuseko txartel bat nola erosten... Azaroaren 19an jubiloteka eta pintxopotea eginen dute eta azaroaren 21ean musean aritzeko elkartuko dira. Azaroaren 24an zine foruma eginen dute eta 26an txintxona.