[ARGAZKIAK] 'Izan burujabe' zikloa borobiltzeko, hitzaldia antolatu dute azaroaren 12an Leitzan

Ttipi-Ttapa

LeitzEko Kontsumo Taldeak Izan burujabe zikloa antolatu du azaroaren 5etik 12ra. Hainbat ekitaldi egin dituzte dagoeneko: dokumental emanaldia, azoka, dastaketa, irakurraldi kolektiboa... Azaroaren 12an, Arturo Elosegi eta Belen Ausejorekin eginen duten mahai inguruak borobilduko du zikloa. 

Atekabeltz Herrigunean elkartuko dira 18:30ean eta Lehorte eta uholde artean, zer diote gure errekek? galderari erantzuten saiatuko dira.

Azaroaren 3an, Ecos de la terra dokumentalarekin eman zioten hasiera zikloari eta azaroaren 6an bertako produktuekin osatutako pintxo potea egin zuten herriko ostatuetan, Otot musikari bikoteak girotuta. Azaroaren 7an, Ure Leitzen: irakurraldi kolektibo musikatu eta dastatua izan zuten Torrean eta giro politean egon ziren. Azaroaren 8ko Leitzako eta Aresoko produktuen azoka antolatzeko ardura Habelartek hartu du aurten, baina ondoan izan dituzte LeitzEko Kontsumo Taldekoak. 

LeitzEko Kontsumo Taldeko talde eragileko lehengo eta oraingo kideak.

LeitzEko Kontsumo Taldean aldaketa

LeitzEko Kontsumo Taldearen barrenean aldaketak izan dira aurten. Hamabi urtez talde eragileko kide izan direnek erreleboa eman eta proiektuari eusteko ahaleginetan ari da lantalde txiki bat. Egituran aldaketak izan dituzte, baina mamiari eusten diete: «tokian tokiko, modu justu, jasangarri eta osasuntsuan kontsumitzeko bideak landuz». Taldea irekia dela nabarmendu dute eta proiektuan parte hartu nahi dutenei gonbidapena egin diete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun